GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak

Gasteizek agur esan die orokorrean iaz baino jende gutxiago hartu duten jaiei

Oro har, behera. Hori izan da aurtengo Gasteizko jaien ostean taberna gehienek egin duten balantzea, bezero kopuruari eutsi dioten jatetxeak kenduta. Jaien kokapen «ezin txarragoa» eta krisia izan dira errudun.

p054_f04.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Agur jaiei, eta orain kontuak egitea geratzen da. Baina, Gasteizko taberna denek atzorako argi zeukaten iazkoekin alderatuta jaiek behera egin dutela bezeroei dagokienez. Andre Maria Zuriaren plaza zentrikoan kokatzen den Dublin tabernako Mari Mar Ramosek esandakoak ostalari gehienen iritzia laburbiltzen du: «Oso gaizki etorri dira jaiak aurten, igandean hasi eta ostiralean bukatu», aitortzen du erdialdean egonagatik ere krisia sumatu duen tabernako zerbitzariak. Eguraldiak ere apur bat lagundu ez izana aipatu du tabernari honek, baina aurtengo jaiek egutegian izan duten kokapena egin du datu txarren erantzule, bai berak eta bai beste askok, Gautxo tabernako Cinthia Agapiosek, kasu: «Bai, txupinazoa igandean izateak eragina izan zuen, eta beherantz egin du pixka bat kontsumoak». Haatik, gauean nabaritu da gehienbat beheranzko joera hau, goizetan lana izan dutela aitortu baitute denek. Bestalde, jaietako azken eguna izan zen atzokoa ostirala izatea itxaropen apur batekin hartu dute ostalariek, nahiz eta erdibituta azaldu diren. Batzuk atzo egindako eguraldi onarekin jaiak luzatuko zirelakoan zeuden, Txapelarriko Nagore Lazkano, esaterako: «Normalean azken egunean itxi eta txosnetara joaten gara, baina aurten esperoan egongo gara, jendearen arabera».

Menua eskaintzen zuten tabernak libratu dira gehienbat krisiaren mamuaz: «Azkenean nabaritzen den arren, hemen bazkari eta afari mordoa eman ditugu», azaldu digu Virgen Blancako Jon Lucasek. Iritzi berekoa da Erdizka tabernako Iñigo Gonzalez, baina egun handiak izaten diren txupinazoa eta jaietako egun handia «eskasak» izan direla gaineratu du. Aitzitik, Kutxi kale erdian den Txapeldun taberna ezagunak bezeroak mantendu dituen zorionekoen artean dagoen bakarrenetarikoa izan da, hala aipatzen du Ustaritz Fernandez de Lezeta ugazabak: «Joan den urtearekin alderatuta hobeto egon gara, txupinazoa kenduta, egiazki, mantendu gara». Izan ere, azaldu duenez, iaz jaien hasiera oso ondo egon zen, baina gainontzeko egunetan beherantz egin zuen. Txosnei mesede egiteko goiz ixteko joera izaten dute alde zaharreko tabernek azken egunean.

Txosnetako eskaintza

Karraxi taberna ere «gutxi gorabehera» mantendu diren horien artean egon da: «Jaien kokapenak zerikusia izan du, baina txosnak pixkanaka hazten doaz eta egitarauan hobetzen doaz», nabarmendu du Mikel Isasmendik.

Bestalde, Txosnagunea txupinazo ofiziala baino bi egun lehenago zabaldu izanak ez diela ezertan eragin aipatzen dute tabernari denek.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo