GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ametsetan tarrat

Amets egin dut. Lotan nengoela egin ere. Ohean eta gabaz, tradizioari jarraituz. Hori bai, diskrezioz, badaezpada ere. Hamaika gauza igaro zaizkit errenkan burutik, eta horietariko batzuei behintzat ordainarazi egin diet, nire buru-bideetan eragindako kalteengatik. Hara, arabiar mundua ikusi dut geldi, zain, Egiptotik Pakinastera zain, Mediterraneo itsasorako sarbidean zer demontre gertatuko ote, adi-adi begira. Lehen Perrexil uhartea, orain Gibraltar lurmuturra... europar batzuen fundamentalismoagatik zibilizazio berdinen talka ote? Nazio Batuen Erakundeak Ipar Koreako kasko urdinak estugune horretara bidaltzeko besteko estualdia omen da han. Amen. Eta Egipto aipatuta, beste pasadizo hau ere pasatu zait buru aldetik, Arreba Musulmanak protestan ari ziren ohiko plazan, betiko militar zibilizatuek Estatuari egindako kolpe demokratikoa salatzen eta Polizia, beloa aurpegian, ur-zurrustaka euren kontra oldartzen, Aswan urtegitzarra husten zihoan bitartean. Izerdia sentitu dut halako batean eta «erdizka!» oihu eginda, buelta erdia eman eta ametsetan segitu dut, mugimenduan izara behatzetako azazkalen batez edo urratuta.

Euskal Herri osoan Nafarroako zainzuriak jaten ikusi dut jendea, Peruko nekazariek hango hiritar goseentzat ekoizten zuten bitartean. Are gehiago, erreinu zaharreko Gobernua oposizioan ikusi dut, baina Legebiltzarreko oposizioa ez zegoen gobernatzen. Izerditan, «erdizka!» eta beste urradura bat izaran. Tira, harira! Ametsetan izanda ere, azkenean ulertu dut elizako kanpandorrearen zergatia, jaietako hasieran eta amaieran baten bat igotzeko eta jaisteko zutabe beharrezkoa. Ama, ama! Zergatik horraino igo hezur-haragizkoak ez diren pertsonaiak, plazatik hurbil hainbeste izaki apropos egonda? Are gehiago, urte osoan han goian eskegita uzteko modukoak! Benga, eskegi zuk, ez, zuk, ez, zuk... batek zein besteak, baina eskegi behingoz. Ene! Piratak ikusi ditut gurean lehorreratzen, oldartze ordenatuan, hemengo kosten hango lege berriari kieto parao esan gurarik. Kosta, berton lana egiten dutenentzat! Hortaz, piratentzat! Ni neu ere lehorreratzen nengoela, dzart!: edo gelako behegaina ohearen parera igo da edo kristoren dzartakoa, ostia ez esatearren, hartu dut! Bai, lurrean nago, lehorrean. Izara tarrat eginda. Atsedena behar dut hartu...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo