GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

deia | Rikardo Arregi 2013/8/7

Uruguay

Uste dut aspaldian aitortu nuela txoko honetan bertan Uruguay maite dudala. Herrialde txikiak atsegin ditut eta Uruguay nire gustuko herrialde txikien zerrendako lehen postuan dago. Ez da oso arrazionala nire zaletasun hau (absurdo samarra, nahi baduzue) eta ez dut Uruguay hainbeste ezagutzen. (...) Herriaren izen ofizialarekin hasi zen nire maitasuna, izena erabat geografikoa delako: República Oriental del Uruguay, herria Uruguay ibaiaren ekidaldeko ertzetik zabaltzen baita (...). Jendea atsegina. Bertako parlamentuan egon nintzen gonbidatuen eserlekuetan, kasualitatez, diputatuek herrien autodeterminazioaren alde hitz egiten zuten bitartean. Alde beltzak ditu Uruguayko historiak, jakina: lehen biztanleek (charrúas) pairatutako sarraskiak, beltzek jasandako diskriminazioa, diktadura eta desagertuak, krisi ekonomiko latzak. Baina begiko zaizkit Artigas edo Hogeita Hamahiru Ekialdekoak. Uruguayko Futbol eta Errugbi Selekzioen jarraitzailea naiz facebooken eta Carlos Gardel Uruguayn jaio zela defendatuko dut beti edozeinen aurrean, eta Onetti onena dela.

Eta zer esan oraingo presidenteaz? Aurrekoa, Tabaré Vázquez, nahikoa ondo bazegoen, orain duguna, José Mujica, presidente pobrea deitutakoa, gaindiezina da: betiko chacra (landetxe) apalean bizi da, ez jauregian, bizimodu soila duelarik. Uruguayn sexu berekoen ezkontza legeztatu zuten 2013ko apirilean. Eta orain, mundu osoaren harridurarako, marihuana legeztatzeko prozesua abian jarri dute: Diputatuen Ganberan onartu ondoren, orain Senatuan eztabaidatuko dute legea. Ez da lege burugabe bat izango, mugatze eta kontrolak daude, baina uste dute droga trafikoaren aurkako kolpe handia izango dela. Uruguayko bandera aurrean dut, mate bat falta zait bakarrik berria ospatzeko. (Bide batez, zer moduz Kantauri Ekialdeko Errepublika bat?).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo