GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteekin, gazteriari buruzko diagnostikoa egiten ari dira Bermeon

GARA |

«Premiazko beharra da» gazteen errealitatea ezagutzea, «ondoren landu beharreko ildo orokorrak zehazteko». Filosofia horrekin, jaio berria den Bermeoko Udaleko Gazteria Saila gazteen egoerari buruzko diagnostikoa egiten ari da gazteen parte-hartze zuzenarekin.

Lan honen bidez, Udalak gazteriarentzat egiten diren ekintzak identifikatu, parte-hartzea sustatu eta Udalaren inguruan dituzten pertzepzioak ezagutu nahi ditu. Horrekin batera, udal gobernuak gazteen arteko sareak indartu nahi ditu, eta Bermeon duten egoeraren azterketa sakona egin nahi du.

Diagnostiko lana fase ezberdinetan antolatu dute. Informazio bilkuretatik hasi dira. «Gazteen inguruan dagoen mugimendurako hurbilpena» izan da, elkarteak, lan egoera, aisialdi ohiturak edota datu demografikoak jasotzeko, eta Udalak gazteentzat antolatzen dituen zerbitzuak ere aztertu dituztela azaldu dute.

Elkarrizketak ere egin dituzte, lanaren beste fase batean. Gazteekin, eragileekin, orientatzaileekin, entrenatzaileekin, Gaztelekuko hezitzaileekin, kale hezitzaileekin eta gurasoekin hitz egin dute, eta hurrengo pausoa talde eragilea sortzea izango da.

«Prozesuaren motorra»

Aipatutako talde eragilea «prozesuaren motorra» izango da, eta «nondik norakoak» erabakiko dituena, Juan Carlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziaren esanetan.

Bestalde, diagnostikoaren berrikuspena, jarraipena eta balorazioa egin beharko du taldeak, baita «pentsamolde ezberdinetako gazteek sentitzen edo nabaritzen dituzten beharrak prozesuaren diseinuan txertatu» ere.

Egitasmoaren barruan badago tailerrak egiteko asmoa, bai eztabaidatzeko bai gazteen proposamenak jasotzeko hurrengo fase batean. Gazteekin batera burutzen ari den prozesua nabarmendu dute, euren ekarpenak «garrantzitsuenak direlako, euren arazoei irtenbideak proposatzeko orduan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo