GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

trontza | Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Barberena anaiek ez diete gainerakoei aukerarik ematen

Nafarrek berriro ere txapela jantzi zuten. Hasieratik hartu zuten aurre, eta zutikako lanetan finala erabakita utzi zuten, bigarrengoei ia bi minutu kenduta.

p030_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Barberena anaiek aurreikuspenak bete egin zituzten herenegun iluntzean Larraintzarren jokatu zen Euskal Herriko finalean, eta txapela erraz jantzi zuten. Kanporaketan bigarren izan ziren, baina saio erabakigarrian ez dute barkatzen.

Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 60 ontzakoari, sei kana-erdikoari, eta beste sei zutik jarritako kana-erdikoari. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, asko batu baitziren saioa ikusteko asmoarekin.

Eugi eta Kañamares III.a izan ziren kanporaketako onenak, eta beraiengan itxaropen asko zeuden, baina oraindik Barberena anaiak baino koska bat beherago daude. Biak oso gazteak dira, eta seguru lortuko dutela txapelak janztea, baina oraindik itxaron egin beharko dute.

Finalak ez zuen aparteko emoziorik izan. Lehen lanetan gazteek eutsi zieten faboritoei, baina behin zutik jarritako enborrak ebakitzen hasi zirenean, dena erabakita geratu zen. Txapeldunak gero eta zulo handiagoa ateratzen hasi ziren, eta amaieran aparteko eragozpenik gabe jantzi zuten txapela.

Kañamaresek eta Eugik ere ez zuten izan arazorik bigarren postuan amaitzeko. Behin lehen postua lortzea ezinezkoa zela ikusi zutenean, bigarrena segurtatzera joan ziren, eta amaieran hortxe amaitu zuten.

Pikabea anaiek osatu zuten podiuma. Bi anaia beteranoek urte asko daramate goi mailan. Urteak pasatu arren, eta orain dela urte batzuk izan zuten maila ez izan arren, eskarmentu handia dute, eta horrekin lehen postuetan sartzeko balio die. Irigoienekin eta Etxenikerekin borroka handia izan zuten, eta hori izan zen herenegun jokatu zen finalean izan zen posturik borrokatuena, baina bi beteranoek amaitu zuten hirugarren postuan, nahiz eta amaieran 24 segundoko tartea besterik ez zen egon. Nahikoak izan ziren, ordea, hirugarren eta laugarren postuak erabakita uzteko.

Bosgarren sailkatu ziren Iraola eta Garmendia. Ikaztegietakoa eta Baliarraingoa ez ziren finalera sailkatu, baina azken unean Ardeok eta Arozenak huts egin dute, eta haien lekua betetzera joan ziren. Hala ere, lan ona egin zuten, eta bosgarren postuan amaitu zuten, azken geratu ziren Canori eta Maizari minutu bat eta zazpi segundoko tartea kenduta. Sei finalistetatik bost nafarrak izan ziren, eta bat gipuzkoarra. Garbi dago kirol honek non duen indarrik handiena.

Etxegaraik eta Ariztegik lortu dituzte lokotx-biltzeko Euskal Herriko txapelak

Fernando Etxegaraik, mutiletan, eta Maika Ariztegik, nesketan, lortu zituzten herenegun Larraintzarren Euskal Herriko lokotx-biltzeko txapelak.

Bi mailetan, bakoitzak 50 lokotx batu behar izan zituen, 1,25 metroko tartearekin jarrita. Mutiletan, Etxegaraik 6 minutu eta 23 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Zulaika sailkatu zen bigarren postuan, eta Garmendia, hirugarren.

Emakumezkoetan, Maika Ariztegik 7 minutu eta 30 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko. Bigarren postuan Arruti sailkatu zen, eta Ferran arabarrak osatu zuen podiuma. J.L.

Gazteak

Kañamares III.a eta Eugi ziren finalean aritu ziren gazteenak. Kanporaketan onenak izan ziren, eta itxaropen handiak daude beraiengan, baina oraindik lan luzean Barberena anaien atzetik daude.

emozioa

Emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen. Pikabea anaiek lortu zuten podiumean sartzea, baina borroka handia izan zuten Irigoienekin eta Etxenikerekin. Azkenean 24 segundok erabaki zuten auzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo