GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Lasto-altxatzea

Baliarrainen erabaki beharko da Euskal Herriko onena zein den

J.L.

Euskal Herriko lasto-altxatze Txapelketa jokatuko da gaur, Baliarraingo pilotalekuan, 18.30ean. Kirolari asko arituko dira txapela jantzi nahian, eta Euskal Herriko lau lurralde egongo dira ordezkatuta.

Tubi, Ardeo, Armade, Zuloeta eta Salgado izango dira Bizkaiko ordezkariak. Agirreurreta, Otermin eta De la Sotilla izango dira Gipuzkoako ordezkariak. Nafarroatik, Telletxea eta Retegi agertuko dira, eta Lapurditik, berriz, Arbenoitz, Van der Putten eta Duhalde izango dira Baliarrainen txapela eramateko asmo eta helburuarekin.

Maila handiko kirolari asko agertzen dira, eta badirudi guztien gainetik Tubi eta Arbenoitz egon daitezkeela, baina hori gaur arratsaldean erakutsi beharko dute.

Orga-jokoa

Bihar, berriz, Ondarroako pilotalekuan, 18.00etan hasita, jokatuko da Gipuzkoako orga-joko Txapelketa. Hiru partaide bakarrik izango dira, eta hiruren artean erabaki beharko dute txapela zeinek eraman. Agirre, Arreitunaindia eta Ituarte neurtuko dira. Hirurak Mutrikuko sokatira talde inguruan dabiltzanak dira.

Bihar Ondarroako pilotalekura bertaratzen diren zale guztiek, orga-jokoko finala ikusteaz gain, Mutrikuko sokatira taldeko kideak ere lanean ikusi ahal izango dituzte, herri kiroletako hainbat joko egingo baitituzte, txapelketarekin batera uztartu eta jaialdia apaindu eta handitzeko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo