GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Biarritzek eta Avironek onenen artean sartzeko asmoak eta helburuak dituzte

Iazko ezinak alde batera utzi, eta zaleei poza eta alaitasuna ekarri nahi dizkiete aurten bi talde lapurtarrek. Aurten ez da euskal talderik izango Heineken Kopan, baina aurten biek dute helburutzat datorren urtean han lehiatzea, eta horretan saiatuko dira lehen partidatik.

p032_f01_290x164.jpg

Jon LEUNDA

Hastera doa ikuskizuna, Top 14a abiatzera doa, eta hor izango dira Aviron eta Biarritz. Bukatu zaizkie probaketak egiteko uneak, eta hemendik aurrera buru-belarri sartuko dira Ligan. Biek tankerako helburuak dituzte, gainera, biek ibili nahi baitute goiko muturrean, nahiz eta iazkoa ikusi ostean, jendeak ez duen itxaropen gehiegi egin nahi oraindik.

Iazkoa denboraldi txarra izan zen Biarritzentzat. Ligan ez zuen lehen seien artean sartzea lortu, beraz, ez zuen izan liga irabazteko inongo aukerarik. Europan, berriz, azkar joan zen kanpora Heineken Kopan, eta European Amlin Challengen, berriz, ez zuen finala jokatzeko txartelik lortu. Hori dena gutxi ez-eta, Avironen atzetik geratu zen sailkapenean, eta horrek min ematen du, aspaldiko urteetan biarriztarrak hiriburukoen gainetik ibili baitira.

Avironentzat ere ez zen denboraldirik onena izan. Zuri-urdinak lehen zazpien artean lehen fasea amaitzeko borroka horretan dabiltza azken urte hauetan, baina beti ezinean dabiltza. Gutxienez iaz ez zuten aurreko urteetako estutasunik izan sailkapenean, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna eta poza eman zien zaleei.

Hori guztia kontuan hartuta, bi taldeak gogoz eta gosez hasiko dira. Dirua ez dago soberan, ordea; eta hori Biarritzen gehiago nabaritzen da. Taldean ez dute aldaketa gehiegirik egin. Joan diren jokalarien artean, Thion edo August nabarmendu behar dira, biek errugbi profesionala uztea erabaki baitute, eta biek utziko duten zuloa asko nabarituko da, batez ere aldagelan. Gainerakoan ez da baja garrantzitsurik izan, iazko jokalaririk garrantzitsuenek taldean jarraitu behar baitute.

Etorri direnen artean, Waenga da berrikuntzarik handienetakoa. Zeelanda Berritik dator, eta taldeari indar berezia eman behar dio. Gainerakoek joan direnen lekua bete, eta haiek egin duten lana zerbait hobetzea izango da helburua. Beste berrietako bat, taldean gipuzkoar bat ikustea izango da. Zoritxarrez eliteko talde hauetan ez da euskal jokalari gehiegi ikusten, eta are gutxiago Hego Euskal Herrikoak, baina aurten Julen Goia agertzen da tartean. Hala ere, ez du erraza izango taldean lekua egitea, ez behintzat ekipoari gauzak ongi joaten bazaizkio, baina berak dituen minutuak aprobetxatzen saiatuko da, eta aukera horiek batez ere European Amlin Challengen hel litezke.

Avironek taldean aldaketa gehiago egin ditu. Asmoa sei talderik onenen artean sartzea da, horrela Ligako final-laurdenak jokatu, eta aldi berean datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko. Horretarako, taldean ere aldaketa ugari egin ditu Lapurdiko hiriburuko klubak.

Hala ere, Avironek jokalari garrantzitsu gehienei eutsi egin die, eta hori berri oso ona da, etorri diren guztiak taldea indartzeko etorri baitira, lehen dauden postuak indartzeko asmoarekin. Utzi dutenen artean Carrillo da nabarmenena, batez ere gertatu zaiona gertatu zaiolako. Iaz bihotzekoak eman zion partida bat hasi aitzin, eta hainbat proba eta proba egin ostean, kirola utzi beharra izan du. Horrelako berriak beti dira tristeak, baina oraindik eta tristeagoa izaten da jokalaria etxekoa baldin bada.

Etorri direnen artean, Van Rensburg hegoafrikarra eta Bustos Moyano argentinarra nabarmentzen dira. Taldea gidatu beharko luketen bi jokalari dira, eta nabarmendu behar dutenak ere bai. Avironek iaz denboraldi amaiera oso ona egin zuen, eta horrekin itxaropentsu daude. Denboraldia hasi aurretik ere Stade Toulosain bezalako taldeak mendean hartu ditu, eta Baionako zaleak poz apur batekin hasiko dira.

Etorri direnen artean, hemen ere harrobiko euskal jokalari batzuek ere izango dute aukera, eta hor agertzen da Jon Elisalde lapurtarra. Honek ere zaila izango du asko jokatzea, baina saiatuko da dituen minutuak aprobetxatu, eta berak ere Top 14 bezalako liga batean joka dezakeela erakusten.

Ozeaniako jokalarien etorrera da nabarmendu beharreko beste datuetako bat. Azken urte hauetan handik gero eta gehiago datoz, eta aurten ere ez dira gutxiago izan. Avironek, esaterako, lau ekarri ditu aurten. Fa'aoso eta Fonua Tongakoak, Brett, Zeelanda Berrikoa, eta Vaka, Fijikoa. Hauei lehen dauden beste bost gehitu behar zaizkio. Biarritzek, berriz, hiru ekarri ditu, Fono, Tongakoa, Perez, Samoakoa eta Waenga, Zeelanda Berrikoa. Hemen, lehendik ere Ozeaniako beste bi bazeuden. Beraz, ikus daiteke Ozeania modan dagoen lekua dela, izan ere Australiaz eta Zeelanda Berriaz gain, Tonga, Samoa edo Fiji bezalako herrialdeak oso garrantzitsuak bihurtu dira errugbian, eta Europako taldeak ere horretaz ohartu dira.

Aurten, gainera, lapurtarrek ez dute inguruko herrialdeko taldeekin derbirik izango, ez Landetako inor, ez Bearnoko inor ez baita Top 14an izango. Iaz Mont-de-Marsaneko Stade Montoisek maila galdu egin zuen, eta Akizek, berriz, ez zuen lortu maila nagusira igotzea. Pauek, berriz, urte mordo bat darama igo ezinik, nahiz eta urteko erronka horixe izaten duen. Gainerakoan, betikoak izango dira goian ibili behar dutenak. Clermont, Toulon edo Stade Toulosain bezalako taldeak dira Liga irabazteko faboritoak.

Derbia

Liga asteburu honetan hasiko da, eta egutegia plazaratu bezain azkar nahi izaten da jakin ea euskal derbia noiz izango den, eta denok nahi dituzten bi data horiek ere jadanik eman dira ezagutzera. Aviron eta Biarritz Jean Dauguerren neurtuko dira irailaren 27 eta 28ko asteburuan. Agileran, berriz, otsailaren 28 eta martxoaren 1eko asteburuan jokatuko dute. Gero, ikusi beharko da eguna zein izango den, telebistak ere asko agintzen baitu errugbi profesionalean, eta lapurtarren arteko derbia beti izaten da oso erakargarria errugbi zale guztientzat.

Europara begira jarrita, bi taldeek European Amlin Challenge jokatu beharko dute, eta multzoen zozketak ere eginak daude. Biarritzen multzoan, Oyonnax, Sale Sharks eta Worcester Warriors izango dira. Multzo zaila egokitu zaie zuri-gorriei, eta bigarren fasean sartu nahi baldin badute, lan asko egin beharko dute helburua bete ahal izateko.

Biarritz lehen multzoan arituko baldin bada, laugarrenean aritu beharko du Avironek, eta hasiera batean zuri-gorriena baino multzo egokiagoa izango dela ematen du. Zuri-urdinekin batera, Grenoble, London Waps eta Viadana izango dira bere aurkariak. Sailkapeneko lehen postu horretako aurkaririk handiena London Waps izango da. Beraz, denboraldia hasteko dena prest dago. Jokalariak gogoz, zaleak itxaropentsu, eta denak maiatzaren 31ri begira, egun horretan jokatuko baita Ligako finala. Han izatearekin amesten dute bi euskal taldeek, nahiz eta jakin hori zaila izango dela. Maiatzaren 3an amaituko den lehen fasean sei talderik onenen artean baldin badaude, denboraldi bikaina izango da.

 
Biarritzek eta Avironek etxean jokatuz hasiko dute denboraldi berria

Biarritzek eta Avironek bihar ekingo diote aurtengo denboraldiari, eta biek, gainera, etxean izango dituzte lehen norgehiagoka hauek, nahiz eta ez izan ordu berdinean.

Hasten lehena Biarritz izango da, 15.00etan Clermont hartuko baitu. Norgehiagoka zaila izango da lapurtarrentzat, baina aldi berean balioko du taldeak nolako maila izango duen jakiteko. Aurkaria final-laurdenetan sartu eta txapela lortzeko faboritoetako bat da, eta hor ikusiko da Biarritzek nolako maila eman dezakeen. Hori bai, zuri-gorriek bajaren bat edo beste ere izango dituzte, eta seguru horiek ere nabarituko dituztela.

Avironek Jean Dauguer zelaian jokatuko du mailara heldu berria den Oyonnax taldearen aurka. Zuri-urdinek aurrean ibili nahi dute, baina horretarako ezinbestekoa da etxean garaipen batekin hastea. Aurkaria igo berria da, eta mailari eustea beste helbururik ez dauka, beraz, garaipena ez lortzea kolpe handia izango litzateke.

Honelako partidak, gainera, denboraldi amaieran oso garrantzitsuak izaten dira. Garaipenaz gain, puntu gehigarria ere eskuratu beharko luke talde zuri-urdinak. Bost punturekin sasoia hasteak indar handia, izugarria, emango lioke, eta zaleei ere itxaropenak indartu egingo lizkioke. J.L.

Biarritz

LEHEN LERROA:

Jean Philippe Genevais, Arnaud Hegi, Fabien Barcella, Eugene Van Staeden, Francisco Gomez Kodela, Thomas Synaeghel, Ben Broster, Alexandre Merini.

BIGARREN LERROA:

Thibault Dubarry, Pelu Taele, Erik Lund, Furno Joshua, Lockley Addison.

HIRUGARREN LERROA:

Imanol Harinordoki, Magnus Lund, Raphael Lakafia, Benoit Guyot, Fono Melini.

JOKO IREKITZAILEAK:

Dimitri Yachvili, Julien Peyrelongue, Matt Berquist, Dan Waenga.

HIRU LAURDENaK:

Damien Traille, Charles Gimenez, Benoit Baby, Seremaia Burotu, Aled Brew, Takudza Ngwenya, Paul Perez, Julen Goia.

ATZELARIAK:

Iain Balshaw, Joe Pietersen.

FITXAketAK:

Menini (Stade Montois), Addison (Mosely), Joshua (Narbonne), Waenga (Hawkes Bay Rugby Union), Perez (Samoa VII), Fono (Agen), Pietersen (Stormers).

BAJAK:

Benoit August eta Jerome Thion (errugbi profesionala utzi egin dute), Wenceslas Lauret (Racing Metro), Talalelei Gray (Waratahs), Jean Pascal Barraque (Stade Toulosain), Marcello Bosch (Saracens), Dane Haylett Petty (Western Force).

MANAGER NAGUSIA:

Laurent Rodriguez.

ENTRENaTZAILEA:

Didier Faugeron.

PRESIDENTEA: Serge Blanco.

ZELAIA: Agilera. 13.400 ikusle sartzen dira.

Aviron

Lehen lerroa:

Aretz Igiñiz, Pierre Lafond, Neemia Tialata, Gregory Arganese, Gert Muller, J.C.Van Rensburg, David Roumieu, Vitolo Manukula, Anthony Etrillard.

Bigarren Lerroa:

Lisiate Fa'aoso, Pierre Gayraud, Dewald Senekal, Abdellatif Boutaty, Mark Chisholm.

HIRUGARREN LERROA

Mike Phillips, Guillaume Rouet, Mathieu Belie, Christophe Loustalot.

JOKO IREKITZAILEAK

Clement Otazo, Sthephen Bret, Matthieu Ugalde.

HIRU LAURDENAK

Joe Rokocoko, Grabiele Lovobalavu, Manu Ahoteiloa, Sam Gerber, Bastien Fuster, Martin Bustos Moyano, Marvin O'Connor, Saimoni Vaka.

ATZELARIAK:

Scott Spedding, Jon Elisalde.

FITXAkEtAK:

Muller (Agen), Van Rensburg (Lions), Fa'aoso eta Monribot (Agen), Belie (Racing Metro), Brett (Toyota Verblitz), Vaka (Agen), Bustos Moyano (Montpellier), Jon Elisalde (harrobikoa).

BAJAK:

Linde, Heymans eta Carrillo (errugbi profesionala utzi egin dute), Graham eta Lacroix (Bordele), Boyoud eta Potgieter (Akize), Desmaison (Racing Metro), Baget (Beziers), Garcia (Castres), Mazars (Agen) eta Vinsensang (Albi).

ZUZENDARI TEKNIKOA:

Christian Lanta.

ENTRENATZAILEA:

Cristophe Deylaud.

PRESIDENTEA:

Alain Afflelou.

ZELAIA Jean Dauguer. 17.083 ikusle sartzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo