GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Kopa

Nazabalek aurreikuspen guztiak bete ahal izan ditu

Etxarriko aizkolariak eragozpenik gabe lortu du txapela. Atutxak ere lan bikaina egin du, bigarren tokia eskuratuz. Azurmendik osatu du podiuma.

p036_f01_097x091.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen inongo ezusterik izan, eta Floren Nazabalek irabazi zuen atzo Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Urrezko Kopa. Agian ezustea Aitzol Atutxak eman zuen. Bera zen atzoko saioko gazteena, eta bizkaitarrak sekulako lana egin zuen. Azkenean, bigarren postuan amaitu zuen. Iñaki Azurmendik osatu zuen podiuma.

Urrezko Kopan, Euskal Herriko finaleko bost aizkolaririk onenak izaten dira, baina atzokoan aldaketa bat egon zen. Unai Otañok hartu behar zuen parte berez, baina Ibarrakoa une honetan ez dago aizkoran aritzeko moduan, eta, ondorioz, Joseba Otaegi aritu zen bere ordez. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Betiko moduan jendeak erantzun handia eman zuen, eta Trinitate plaza jendez gainezka egon zen saioan zehar.

Floren Nazabal da egungo txapelduna, eta bera zen atzoko saioa irabazteko faborito nagusia; ez zuen barkatu. Etxarriko txapeldunak hasieratik hartu zuen aurre, eta apurka-apurka zuloa egiten joan zen. Bere atzetik Atutxa abiatu zen. Bizkaiko txapeldunak hasiera batean eutsi ahal izan zion, baina pixkanaka nafarra tartea zabaltzen joan zen, eta orduan bigarren postua bihurtu zen Atutxaren helburua, eta horri eutsi ahal izan zion.

Iñaki Azurmendi jotzen zuen jendeak Nazabali aurre egin ziezaiokeenetako bat, baina Arriarangoak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Saiatu zen aurreko biekin lehian aritzen, baina podiumean sartzea, behintzat, lortu zuen, eta hemendik aurrera Euskal Herriko Txapelketa izango da bere helburua, gainerako guztiena izango den bezalaxe.

Olasagasti, berriz, atzoko zaharrena zen. Igeldokoak berriro ere lan ona egin zuen. Urteetan badoa aurrera, baina gazteen parean dabil, eta hori oso berri ona da. Otaegi, berriz, azkeneko unean sartu zen lehia honetan, eta horrelakoetan zaila izaten da lan ona egitea. Bere helburua azkena ez geratzea izango zen, baina zizurkildarrak ezin izan zuen bete hasierako asmo eta nahi hori. Hala ere, ezin esan Joseba Otaegik egindako lana txarra izan zenik, nahiz eta Floren Nazabalek, atzoko txapeldunak, bost minututik gora atera zizkion amaieran.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo