GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-zulatzea

Burdin Gazteak taldeak irabazi du Ligako Leitzako jardunaldia

J.L.

Burdin Gazteak taldeak irabazi zuen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia. Lehen aldiz jokatu zen Ligako saio bat Nafarroan, eta oso arrakastatsua izan zen.

Zale askorentzat gauza berria da harri-zulatzea. Orain dela 100 urte inguru aizkorarekin, segarekin eta harri-jasotzearekin batera herri kiroletako kirol nagusia zen, baina urte askoan ia desagertuta egon da. Ostean Bizkaian berreskuratu zuten, gero Gipuzkoara zabaldu zen, eta orain Nafarroan ere antolatu dute ekinaldi bat. Jendeak ere erantzun oso ona eman zuen, Leitzako plaza bete egin baitzen saioa zuzenean ikusteko asmoarekin.

Ortuellako Burdin Gazteak taldea da Liga irabazteko faboritoetakoa bat, eta atzo garaipena erdietsi zuen, nahiz eta amaieran oso tarte txikia izan zuen Trapagaranekin. Zentimetro oso gutxiko tarteak erabaki zuen auzia, eta badirudi amaieran Euskal Herriko Liga ere bi talde horien artean egongo dela.

Kabiezesek ere lan bikaina egin zuen. Hirugarren postuan amaitu zuen atzoko jardunaldia, baina beste biengandik nahiko gertu, eta kontuan hartu beharreko taldea dela erakutsi zuen.

Hortik atzera beste borroka bat izan zen, izan ere, lehia handia dago lehen hiru postuetarako, baina baita atzeko hiru postuetarako ere. Laugarren amaitu zuen Las Karreras A taldeak, baina oso gertu izan zuen Errekatxo taldea. Kasu honetan ere zentimetro gutxiko tarteak erabaki zuen auzia. Azkeneko postuan, berriz, Las Karreras B taldeak amaitu zuen, eta sailkapen nagusian ere beraiek jarraituko dute seigarren postu horretan.

Herriz Herri

Nafarroako Herriz Herri Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, 20.30ean, Burlatako Ezkazabal plazan.

Bi proba edo konbinatu ezberdin egingo dira. Batean, lokotx-biltzea, zaku-lasterketa, aizkora eta trontza izango dira, eta bigarren konbinatuan, berriz, txinga-erutea, ingude-altxatzea eta harri-jasotzea. Lehian arituko diren taldeak honakoak izango dira: Arraioz, Menditarrak eta Berriozar.

Gaurkoa Ligako bigarren jardunaldia izango da. Guztira lau jardunaldi izango dira eta lehenengoa Beran jokatu zen. Hirugarren eta laugarren jardunaldiak, berriz, Gorritin abuztuaren 25ean eta Berriozarren abuztuaren 31n jokatuko dira. Jardunaldi bakoitzean puntuak batzen joango dira, eta, lau jardunaldi jokatu ostean, punturik gehien dituen taldeak irabaziko du aurtengo Herrriz Herri Txapelketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo