GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Udako hotza

 


 Jon GARMENDIA | Idazlea

Hamabost egun irauten ditu maitemintzeak. Hoztasunez aipatu dizu esaldia, eta hotzago hartu duzu zuk, izoztu egin zarela erranen baitzenuke ia. Baina ez diozu kargu hartuko, batetik, zuk hasi duzulako hizketaldia, zuk atera duzu gaia, eta hor ari zinen nora ezean hizketan, sakontasunez aztertu gabeko gaiari bazterrak miatu nahian, inprobisatzen; edo zuk errandakoari buruz berak zer erantzunen zuen jakin nahian zenbiltzan bestela. Bestetik, badakizu generalizatzen duzun gai bakoitzean, zuretik abiatutako zerbait eta zuk bizi izan duzuneko beste zerbait elkartzen dela, baina ez gehiago, eta iritzia, etengabeko aldaketa prozesuan taxutzen den ariketa dela. Zuk urtebete irauten duela erran diozu, eta ohiz kanpoko kasu batzuetan hiru urte. Ez zara maiteminduta egondako egunak kontatzen ibili, nehoiz, baina guti gorabeherako batekin aipatu diozu hori. Hasieran, zuk sortutako irudi batekin maitemintzen zarelako, beste pertsonaren ezaugarri gehienak imajinatzen dituzulako, eta berak agertzen dizunak ezustean harrapatzen zaituelako; ezaugarri hori beti da ona gainera, txunditzen zaituen zerbait, baina noski, denbora pasa arau ezustekorik ez da ageri, eta dena ezagun egiten zaizu, ezagunegi, aspertzen zaituen arte. Baina hamabost egun labur horiena entzun duzunean, hura zergatik erran ote duen pentsatzen jarri zara, irri batek ihes egin dizu hasieran, baina gero kezkak harrapatu zaitu. Azkenean, aitortu dizu, egun horiek igaro eta gero maitasuna omen da nagusi, hamabost egun horietan zeure buruaz maiteminduta egon zara, zuk sortutako zerbaitez, eta hori, lehenbailehen atzean utzi behar omen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo