GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

ABBA oroimenean

1973an argitaratu zuen «Ring Ring» izeneko lehen LPa ABBAk, oraindik CD euskarria agertzeko hamarkada bat falta zela. Albumak taldekideen iraganeko materiala jasotzen zuen. Hasiera batean, Suediarako edizioa baino ez zen albuma, baina denborak aurrera egin ahala, Britainia Handian, 1992an, eta AEBetan, 1995ean, ere argitaratu zen. Laukoteak etorkizunean izango zuen arrakasta handia oraindik agerikoa ez zen arren, etorkizuna zigilatu zuen ABBAk.
p037_f02.jpg

p037_f04.jpg

Pablo CABEZA

Berrogeita bat urte igaro dira taldea eratu zutenetik, eta berrogei lehen albuma kalera atera zenetik. Dena dela, ABBAk ez du gaurkotasuna galdu, hainbat nazioarteko omenaldi musika talderekin batera, eta baita «Mamma mia!» musikalarekin ere. Azken hori talde suediarraren abestietan oinarritutako musikala da, Catherine Johnson gidoilari britainiarrak idatzi zuen, 1968ko «Buona Sera, Mrs. Campbell» filmean inspiratuta. Ikuskizunaren izenburua, taldearen kantu arrakastatsuenetik dator, «Mamma mía!», 1975ean argitaratutako abestia. Björn Ulvaeus eta Benny Andersson, ABBAko taldekide eta abestien egileak proiektuan inplikatuta egon ziren hasieratik, Anni-Frid Lyngstadek, kantarietako batek, finantziazioan parte hartu zuen eta nazioarteko hainbat estreinalditan izan da. Taldearen kanta ezagunak agertzen dira musikalean: «Money, money, money», «Thank you for the music», «Dancing queen», «Lay all your love on me», «Super trouper», «Voulez vous», «SOS», «Knowing me, knowing you», «The winner takes it all», «Take a chance on me» eta «Mamma mia», jakina.

1999ko estreinalditik, 54 milioi ikuslek baino gehiagok ikusi du musikala mundu zabalean, eta bildutako diru kopuruak 2.000 milioi dolarrak gainditu ditu. 2008an zinema aretoetara eraman zuen musikala Phyllida Lloyd zuzendariak; paper protagonistak Meryl Streep, Amanda Seyfried, Christine Baranski, Julie Walters, Pierce Brosnan, Stella Skarsgard, Colin Firth eta Dominic Cooper aktoreek antzeztu zituzten. «Mamma mia!»-ren bertsio espainiarrak 2.500.000 ikusle izan ditu, eta zazpi denboralditan 2.087 emanaldi egin ditu, hala, penintsulako musikal arrakastatsuenetako bat bilakatuz.

Pop musika jotzen zuen talde suediarra izan zen ABBA, eta Benny Andersson, Anni-Frid Frida Lyngstad, Björn Ulvaeus eta Agnetha Faltskog ziren taldekideak. ABBA izena, euretako bakoitzaren izenaren lehenengo letrekin osaturiko akronimoa da (Agnetha, Björn, Benny, Anni-Frid). Laukotea Stockholmen osatu zen, 1972. urtean, baina 1974an Eurovision jaialdia irabazi zutenean egin ziren ezagunak. Ordutik, ABBAk ospea irabazi zuen, melodia gogoraerrazak, letra sinpleak eta euren soinua erabiliz; emakumeen ahotsen armonia eta wall of sound (soinuaren harresia), Phil Spector produktoreak sortutako musika efektua, izan ziren taldearen ezaugarriak.

Björn eta Agnetha laukotea eratu baino hilabete batzuk lehenago ezkondu ziren; Benny eta Frida beranduago, 1978an. Laurek euren betebehar artistikoak eta familia betebeharrak uztartzen zituzten. Euren grabazioek inpaktu komertziala izan zuten, eta Universal Music Group diskoetxeko artista arrakastatsuenak bilakatu ziren. 70eko hamarkadan salmenta gehien izan zuen taldea izan zen ABBA.

Interes publikotik at egon ostean, 90eko hamarkadan, abesti bilduma albumen bidez, ospe zerrendetan gorenera iritsi ziren, eta ABBA egun talde arrakastatsuenetarikoa da, 180 eta 400 milioi produkzio musikal saldu baitituzte mundu zabalean.

ABBA Europako lehen pop taldea izan zen Europatik kanpo ingelesez hitz egiten den herrialdeetan arrakasta izan zuena: Australia, Zeelanda Berria, Hegoafrika, Kanada, eta, maila txikiagoan, AEBetan. Hala ere, ospearen gailurrean, bikote biak apurtu egin ziren eta aldaketa horiek eragina izan zuten euren musikan, letra sakonagoak idazten hasi ziren, bestelako estilo musikal batekin. Taldeak gainbehera komertziala izan zuen eta desegitea erabaki; 1982an egin zuten azken agerraldia ABBA gisa.

Taldekide bakoitzak ABBA baino lehen beste musika estilo bat izan zuen, beste talde batzuekin. Björni The Beach Boys, The Beatles, Kingston Trio eta Suediako musika folklorikoak eragin zioten. Erreferentzia nagusia produkzioaren aldetik Phil Spector estatubatuarra izan zen. Bennyk The Beatles taldea izan zuen musika gida gisa, baita musika tradizional suediarra ere. Agnetha haur prodijioa izan zen, umea zenetik musika entzuten zuen; Petula Clark, Dusty Springfield eta Doris Day izan zituen erreferentzia. Bestalde, Connie Francis, Marianne Faithfull eta Aretha Franklin, ahots estilorako influentziak izan zituen. Fridak, aldiz, pop musika baino gustukoago zituen jazza edo abesti melodikoak, eta profesionala bihurtu aurretik Glenn Miller, Duke Ellington eta Count Basie abeslarien hainbat bertsio grabatu zituen. Ahots idolo Ella Fitzgerald eta Peggy Lee izan zituen Fridak.

«Ring Ring» arrakasta apala izan zuen diskoa izan zen, Eskandinavian baino ez zuen izan oihartzuna. Esan daiteke ez zela euren disko nabarmenena izan. Lehen albumean beste proiektu batzuetarako sortutako hainbat kanta sartu zituzten; esaterako, «Rock'n roll band» abestia Benny & Björn bikoteak grabatu zuen lehenago; «I am just a girl» film bateko soinu banda gisa erabili zuten eta «Disillusion» Agnethak konposatu zuen bakarlari gisa atera zuen albumerako.

1974ko apirilaren 6an, «Waterloo» abestiak Suedia ordezkatu zuen Eurovision jaialdiko XIX. edizioan, Brigthongo Domoan, Britainia Handian. Aktuazioan jantzi deigarriak erabili zituzten, Inger Svvenkek diseinaturikoak. Nagusienek gogoratuko dute segur aski Sven-Olof Walldoff orkestra zuzendaria Napoleon Bonaparte izango balitz bezala mozorrotuta. Bozketan 24 puntu lortu zituen abestiak -Italiako ordezkariak, Gigliola Cinquettik, baino sei puntu gehiago-, eta Suediaren lehen garaipena lortu zuen jaialdi horretan, baita ABBAren historiarako funtsezko arrakasta ere.

Nekeak eta taldekideen arteko arazoek ABBA desegitea eragin zuen, 1982an, «The visitors» euren zortzigarren diskoa atera ondoren. Hamarkada berrian susperraldia izan zuen. 1992ko udaberrian, Erasure talde britainiarrak lau abestitako singlea atera zuen: «Abba-esque». Abestien bertsio elektronikoez osatua, zerrenda britainiarren gorenera iritsi zen. Hil batzuk beranduago, U2-k Stockholmen eskaini zuen kontzertu batean, taldeak Björ eta Benny gonbidatu zituen taula gainera, «Dancing queen» abestia gitarra eta teklatuarekin jotzeko. Polygramek, ABBAren abestien eskubideen jabeak, taldearen kanta ezagunenen bilduma argitaratzeko aprobetxatu zuen promozioa. «ABBA gold: greatest hits» bildumarekin laukotearen abestiak berriro ere hainbat herrialdetako zerrenden lehen postuetara iritsi ziren. Bilduma hori euren disko salduena bilakatu zen, eta arrakastatsuenetakoa mundu mailan: 2012an 28 milioi ale baino gehiago saldu zituzten.

ABBA fenomenoa biderkatu egin zen nazioarte mailan. Panpinak, poltsak, gozokiak, kromoak, zapatak egin zituzten, besteak beste. Euren janzkera imitatu zuten. Talde suediarraren inguruko bildumazaletasuna hainbat ABBA zaleentzat negozio handia daiteke; disko arraroa, objektuak...

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo