GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Askatu lokarriak

p039_f01.jpg

Jon GARMENDIA | Idazlea

Lurra ez da geldirik egongo, itzulika segitzen du, eta itzuli bakoitzeko zerbait desberdina ekarriko dizunik ez ezazu espero, ez baitu berak ekarriko aldaketa; hori, zuk lortu beharko duzun zerbait da. Gainera, itzuli bakoitzak gehiago zorabiatzen ote zaituen zalantzak asaldatzen zaitu orain. Baina erabakiak hartzeko garaia hurbiltzen dela uste baduzu ere, ez da hori, erabakiak beti izan dira hurbil, haiengan bizi izan zara, eta batzuk, urrundu besterik ez dituzu egin. Pentsatze hutsarekin malkoak ateratzen zaizkizu, ordea, tristeziak eta minak barnean gorde ahal zenituela uste zenuelako, baina haiek, malkoen forma hartuz, libre bihurtzen dira, heien kabuz. Loreak ez baitio lurrari baimenik eskatzen azalera irteteko, atera egiten da, eta kito. Agian bai, agian gaur erranen diozula, hori maiz pentsatu duzu, baina gaur anitz etorri izan dira geroztik, eta ulertuko duzu azkenean eman behar diren albiste txarrak ez direla onak bilakatzen berez, atzeratutako egunek ez dituztela berri txarrak on bihurtzen, hobe dela haiek lehenbailehen ematea. Alferrik da koloretako tximeletak ukaitea buruan, eta laino ederren paradisuetara eramatea zure gogoa. Ihes egitea arazoaren bihotzean bizitzea baita sarri. Burdinazko errealitate batek mailu bilakatuko zaitu, eta iltzea zu izango zara, agian, hiltzea ere nahiko duena. Eta ez, ez da hala, errateak ez zaitu pertsona gaizto bilakatuko, ez errateak soilik lortuko du hori, azken batean, aitortu behar duzun zerbait gordeko baituzu zure arimaren kontra eginaz. Gezi bat bailitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo