GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Gorriz

 

Gorriz markatzen ditugu egutegian data garrantzitsuak, gorriz ageri dira igande eta jaiegunak. Guretzako ez dira jaiegunak, baina gorriz apainduta dauden Galiziako bide bazterrek gogorarazten digute egutegian markatua genuen data garrantzitsu hori iritsi dela eta Espainiako Itzuliaren atarian gaudela jadanik.

Denbora eman dugu lehiaketa hau prestatzen, beste urte batzuetan ez bezala altueran egonaldi luzeak eginaz eta entrenamenduetan lan handia eginaz. Honekin ez dut esan nahi aurreko urteetan Espainiako Itzulia ez dugunik behar bezala prestatu, ezta gutxiagorik ere, baina Tourretik etorrita planteamendua ezberdina izan ohi zen, eta, aurten uda partean lasterketa gutxiago izan ditugunez, altueran egindako lan horretan buru-belarri sartu gara helburu hau prestatzeko.

Gorriz jantziko da Espainiako Itzuliko liderra, eta, amestea libre baldin bada ere, errealista izanda ez dut aukera handiegirik ikusten gorriaren jabe egiteko. Agian zutabe honetan txanda ematen didan lagunak amets horrekin ekingo dio taldekako erlojupekoari; azken egunotan berarekin sarri hitz egin badut ere, ez gara horri buruz aritu eta galdera airean utziko dut ea zer dioen...

Lehen egun hauetan lan txukuna egiten saiatuko baldin bagara ere, gure helburuak aurrerago daudela badakigu eta jendaurrean publiko egiten ausartzen ez baldin banaiz ere, baditut gorriz markatutako egun eta etapak. Horietako bat norberak nahi bezala aterako balitz...

Itzuliko 21 etapetatik bat eskatzea asko al da ba? Ez da hainbeste eskatzea akaso, eta lortu ere erraz lortzen dute batzuek; ez bat, bi edo hiru ere bai, baina, egia esan, nire mailako txirrindulari apal batentzat zaila da oso. Hala ere, saiatuko garela zalantzarik ez izan!

Gaurko zutabea kolore gorritik doanez, odol analisien istorioa kontatuko dizuet: itzuli handi baten aurreko egunetan, asteazken gauerako taldearen hotelean egon behar izaten dugu ostegun goizean UCIk egindako kontrola pasatzeko itzulia lehiatu ahal izateko.

Ostegunean goizeko zortzietan genuen hitzordua, baina 06:50erako ate joka ziren; ez ziren UCIko komisarioak, ordea, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenekoak baino! Gernu eta odol laginak hartu aurretik, adierazi genien zortzietan ohiko kontrola pasatzear ginela eta ez zela normala aurrez beste bat pasatzea, baina, beraiek, egoteko lasai, Adams lokalizazio sistema dutela biek ere eta norabide berean lan egiten dutela esan ziguten. Ez daramat batere ongi ziztaden kontu hori, sarritan zorabiatu ere egiten naiz eta ostegunean hala tokatu zitzaidan. Luze erori ondoren, apur bat errekuperatu eta paperak sinatu ondoren, neure aurpegi zurbilarekin gelara itzuli nintzenerako, zain genituen UCIko komisarioak ere! Hau anabasa! Ezertarako balio ez duen eztabaida baten ondoren, 40 minuturen barruan bigarren kontrola pasatzera behartu gintuzten, pasa ezean Itzuliaren irteera gunean ezingo genuela egon esanaz.

Ez nago kontrolen aurka; are gehiago, geu gara kontrolak egitea eskatzen lehenak, baina erakundeen arteko elkarlana eta kirolarienganako errespetua eskatzen ditut! Dopinaren lehian erakundeek duten norgehiagoka eta botere lehia dela pentsarazten dit ostegunekoak, eta, kaltetuak, beste behin, kirolariak.

Gorriak ikusi genituen Itzuliko lehenengo goizean, baina ilusioz gaude eta aurrerantzean denak hobera egingo duelakoan agurtzen zaituztet! Kolorez eta ilusioz betetako itzuli baten aurrean gaude!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo