GARA > Idatzia > Kultura

Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltariari ekingo dio urrian, dantzan egiten ikasteko aukera zabaltzeko

Jendeak dantzan egiten ikastea, hori da Aiko dantza taldearen helburua eta, horretarako, dantza ikastaro ibiltariaren edizio berria abiatuko du urrian. Guztira, bederatzi herritan izango dira aurtengo ikasturtean.

p047_f02.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Aiko dantza taldeak ikasturte berria prest du jadanik. «Era natural eta erlaxatuan musika jo eta dantzan egitea» da taldearen helburua eta, horretarako, Dantzaldi Ibiltaria antolatu du, dantzan egiten ikasteko ikastaroa. Aurten, Donostian, Bilbon, Galdakaon, Sopelan, Gernikan, Durangon, Iruñean, Azkainen eta Markinan izango dira.

Urritik ekainera bitartean, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko dantza gelan izango dira eskolak ostegun arratsaldero. Bertan, bi talde banatuko dira. Alde batetik, oinarrizko dantza ikastaroak, dantza tradizionalean hastekoak antolatuko dira. Bertan, dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei eta, dantzarekin batera, gorputz koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak landuko dituzte. Soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta beste hainbat dantza mota prestatu eta ikasiko dituzte ikasleek.

Eta, bestetik, «Dantzaguneak» deiturikoa, dantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberasteko helburua duen beste taldea ere egingo da.

Hala ere, Sabin Bikandi txistulari eta konpositoreak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez, taldez aldatzeko arazorik ez da egongo. «Ez ditugu dantzak erakusten, dantzan egiten irakasten dugu. Hori da gure markaren ezaugarri bat», esan zuen Bikandik.

Izena emateko epea zabalik da eta 150 euro balio du, baina eskolen dinamika ezagutzeko doan joateko aukera emango dute urrian. 634 423 539 telefonoan edota www.aikotaldea.com webgunean egin ahal izango da erreserba.

Dantzazaleei omenaldia

Ikastaroa aurkezteaz gain, Aiko taldeak erakusketa ibiltaria antolatu du: «Dantzazaleak». Bertan, ibilbidea laburbildu eta tailerren funtsa jasotzen duten 130 argazki inguru bildu dira, Iñaki Andresek ateratakoak. Donostiako Udal Liburutegian izango da hilaren 30era arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo