GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Lezoko elkarteen konpromisoak borobildu ditu santakrutzak

Herriko elkarteak erabat inplikatu dira santakrutzen antolaketan, krisi garaietan murrizketak saihetsezinak izan baitira. Euren ekarpenek egitaraua borobiltzen lagundu dute. Nobedade gisa, profesionalen arteko pilota partida, igandean.

GARA | LEZO

Euskal Herrian eskupilota kirol maitatua dela baieztatzea ez da gauza berria. Jendeak gustura jokatzen du, are gusturago ikusi. Hortik dator Lezon gaur hasiko diren santakrutzen berritasun nagusia. Hitzordua igandean izango da, Bekoerrotako kiroldegian jokatuko baita profesionalen arteko pilota partidua, Aspek antolatuta.

Titin III.ak eta Zubietak Jaunarenaren eta Merino II.aren aurka jokatuko dute, 17.00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude, Kultura bulegoan nahiz kiroldegian bertan. Salmenta oso ondo doala adierazi dio GARAri Mikel Arruti Lezoko Kultura eta Euskara zinegotziak. Hala ere, partiduaren egunean bertan leihatilan ere erosi ahal izango direla jakinarazi zuen.

Ez da pilotaz gozatzeko aukera bakarra izango igandekoa, aintzat hartzekoa baita pilotari federatuen txapelketako finala. Urtetik urtera parte hartzaileak gehituz doaz eta aurten hogei bikotek baino gehiagok izena ematen dute. Aste batzuk lehenago hasten den Josetxo Etxandi pilota txapelketak santakrutzetan du azken partida. Hitzordua bihar da, 17.00etan.

Euro bakoitza non dagoen

Gainerakoan, azken ukituak eman eta jaietarako dena prest daukate Lezon. Gaur bertan, 19.00etan, alkate txikiek txupina botako dute, eta lau egunez jai giroa nagusituko da. Urteroko moduan, herri eskolako eta ikastolako ume bana izango dira udaletxeko balkoitik herritarren aurrean santakrutzen atea irekiko dutenak.

Aurtengo festen antolakuntzan erabilitako aurrekontua txikiagoa izan den arren, ahalik eta programazio osatuena antolatzen saiatu dira. Horretarako, Arrutik azpimarratu du herriko elkarte eta eragile ezberdinen inplikazioa «ezinbestekoa» izan dela. Jai Batzordea irekia da, eta bertan inplikatuta daude aipatutako elkarteak. Eurak dira herritarren termometro fidagarria, Arrutiren iritziz, besteak beste, zer den gustuko, zein den ekimen arrakastatsua edo zer den hobetu daitekeena neurtu ahal izateko.

Ez da hala egiten den lehenengo aldia, baina bide batez, aipatzekoa da Lezoko Udalak egiten duen gardentasun ariketa, programazioarekin batera, jaiak antolatu ahal izateko euro bakoitza zertan eta zertarako erabili den azaltzen baita. «Herritarrek eskubide osoa dute euren diruarekin zer egiten den jakiteko», adierazi du Arrutik.

Jaien aurkezpena egin zutenean Ainhoa Zabalo alkateak adierazi zuen bezala, santakrutzetan «non gozatua izango da adin tarte eta gustu ezberdineko herritarrentzat antolatutako ekitaldiekin». Batzuk aipatzearren, Kultura eta Euskara zinegotziak gaur gauerdiko helduen danborrada nabarmendu du. Lau elkartek hartzen dute parte, Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñeluk, eta orotara 500 lagun baino gehiago ibiliko dira herriko kaleetan, danbor eta upel hotsa barreiatuz.

Biharko eguna ere goraipatu zuen: Muxiko Eguna. Izan ere, orain lau urte sortutako egun horrek oso harrera ona izan du eta horregatik jada programan txertatua dago ospakizuna. Euskal dantzen zaletasuna zuten herritar batzuek taldea sortu zuten, ondoren festetan dantzen bidez giroa sortzeko. Dagoeneko berrogeita hamar lagun baino gehiagok hartzen dute parte.

11.00etan hamaiketakoa eskainiko dute Karlos Saldise plazan, eta eguerdian dantza erakustaldia egingo dute.

Astelehenera arte iraungo dute santakrutzek, eta tarte horretan beste hamaika proposamen bildu dituzte, eskaintza zabala osatuz: arrantzaleen bazkariak, rock emanaldia; igandeko Inude eta Artzainen desfilea, eta marmitako txapelketa -jarraian lehiaketara aurkeztutako marmitakoekin bazkari herrikoia- eta herri kirolak, besteak beste.

Azken egunean Baserritar Eguna ospatuko dute, eta nabarmentzekoak dira, besteak beste, ganadu feria -11.00etatik aurrera-, eta Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolarien emanaldia Gurutze Santuaren Plazan, 19.30etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo