GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ZURI-GORRIEN ORROAK

Bolbora usaina...

 

Aiert GOENAGA

Izenburu hau irakurri ostean norbaitek pentsatuko du gaurko iritzi artikulu hau aurrekoen antzeko ildotik joango dela. Futbolaren alde ilun horri batzuok egiten diogun gerraren beste atal bat datorrela. Baina ez, gaurko bolbora ez da arma horiek kargatzeko balio duena. Athletic-en eta euskararen arteko harremana eta San Mames berriaren finantzaketa publikoaz bi astez jarraian aritu ostean zerbait light»-agoarekin natorkizue. Gaurko bolbora beraz, Athleticen jokalariek ipintzen dutena izango da; beste bolbora batzuetarako edukiko dugu astia aurrerago.

Lehen jardunaldi hauetan oso fin agertu da talde zuri-gorria aurkarien atea zulatzerako orduan. Hain fin ze, partiduko bi goleko batez bestekoaz hasi duela Liga. Denboraldiko aurreneko partidan bi egin zituen Valladoliden aurka, Susaeta eta Muniain izan zirelarik goleatzaile. Bigarrenean De Marcosen gola izan zen Arribasek bere atean egin zuenarekin batera, Osasuna menpean hartzeko balio izan zuena.

Hirugarren partiduan, Ligan jokatu arren beste liga batekoa den Real Madrilen aurka lau eta bat galdu zuen talde zuri-gorriak Ibaik sartutako golarekin. Eta azkenik, astelehenean San Mames berriaren inaugurazioan sartutako hiru golak. San Jose, Iraola eta Beñatek eginak hurrenez hurren (artikulua oso «light» doanez trintxeratik neure granadatxoa botako dut; izan ere, aitortu behar dut hiru golak euskaraz zigilatu izanak irribarretxoa atera zidala).

Aipagarria da baita lau partiduotan golak sartu dituzten jokalari guztietatik inor ere ez izatea aurrelaria. Edo beste era batera esanda, aipagarria lehen lau jardunaldietan Aduriz, Kike Sola eta Toquero, hirurak golik egin gabe egotea. Honek bere irakurketa positiboa zein negatiboa ditu. Positiboa, taldeko edozeinek duela gola egiteko aukera (sartutako zortzi golak zazpi jokalarik egin dituzte eta zortzigarrena beste batek bere atean, ezin da banatuago egon).

Alde negatiboa talde orok behar duela aurrean erreferentziazkoa izango den jokalaria eta momentuz hau ez dabilela golik egiten. Argi dago Kike Sola eta Toquero ez direla gol asko duten jokalariak eta Aritz Aduriz dela ezbairik gabe erreferentziako aurrelaria. Baina hau ezin da izan lehenengo biak eskusatzeko arrazoia eta ezta Adurizi bere sorbaldetan pisu gehiago ipintzekoa ere, noski (artikulua uste baino askoz light-ago doanez, hemen bigarren granadatxoa: jokalariei lorpenengatik gain sariak ematen zaizkien bezala, zergatik ez super-soldatetatik dirua kendu ekarpena oso baxua denean?).

Aurrelarien gol ezaren aurrean; Valverde momentuz oso ondo ari da aprobetxatzen dituen baliabideak bandetako jokalarien zein bigarren lerroko jokalarien bolboraz baliatuz. Espero, taldearen onerako, aurrez aipaturiko hiru jokalariak ere beraien ekarpena laster egiten hastea. Aurrelariek beraien armak findu artean, aurkariaren atea zulatzeko oso garrantzitsua izango da honenbestez gainontzeko taldekideek orain arteko maila erakustea. Pertsonalki, orain arte taldeari darion bolbora usaina atsegin dut. Armen aurrean jarriko den hurrengo biktima txoria dugu, perikitoa hain zuzen.

Bolbora usaina eta gola hanketan, hil ezazu Espanyol...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo