GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA musika klasikoa

Euskal kostaldeko Musikaldia

Maite IDIRIN

Biarritzen Espace Bellevuek daukan Rotonde sala ederrean entzun ahal izan genituen arratsaldez, batetik, Eugenie de Montijori buruz Jean de Cars idazleak eskainitako hitzaldi jakintsua, eta bestetik, Donibane Lohizunekin lotura berezia duen Beatrice Uria Monzon mezzo-sopranoak protagonismo nabarmena izan zuen hainbat musikarik elkarrekin emandako kontzertuan. Beatricen aita zen Antonio Uria Monzon pintore ezagunak familia osoarekin urte anitzez Ravel sortu zen etxean udarak pasatu baitzituen. Hala ere, atzoko kontzertuari, Varese laukoteak eman zion hasiera, Turina konpositorearen “La oración del torero” obra interpretatuz. Andaluziako hainbat dantza aire maisuki lotuak  eskaini zizkiguten. Ondotik Beatricek, J.M.Bouget pianista zuelarik, Granadosen “Tonadillas para voz” eta Obradorsen “Canciones clasicas españolas” kantatu zizkigun. Ongi kantatu zituen baina…Teresa Berganzaren bertsioa gogoan genuela gelditu ginen. Jarraian, piano-jotzaileak Granadosen “Goyescas para piano” interpretatu zuen. Estilo aldetik interpretazio hobeak entzunak ditudala esango dut.  Eta lehen partea ixteko, Bizeten “Carmen fantaisie”, Waxmanen bertsio librean, interpretatu zigun Varese laukoteak.

Bigarren partea klasikoagoa izan zen. Lehenik, Txaikovskiren “Toki maitatuaren oroitzapena” interpretatu ziguten Pineau-Benois biolinista gazteak eta kontzertuko pianistak. Biolinista honek ere Euskal Herriarekin loturak ditu, zeren Donibane Lohizune Ravel Musika Akademian praktikak eginak baititu. Sari batzuen jabe ere bada jada. Horietarik azkena, aurtengo urtean lortu berri duen Leopold Mozart nazioarteko saria. Zilber-Vatelot fundazioak prestatua dion 1853ko Bernardelen biolin historikoarekin ari da lanean, eta ongi baliatzen duela esango dugu. Jarraian, Beatricek Ravelen bokalisa ezaguna interpretatu zigun. Baita Mascagniren  “Santuzzaren” airea ere. Gero, Verdiren “Eboliren” aria ederra entzunarazi zigun. Azken honekin txalo beroak lortu zituen. Berriro Varese laukotearen txanda izan zen eta ederki asko emana Muzioren bertsio instrumentala eskaini ziguten. Txaloak ugari jaso zituzten. Orduan, berriro, Beatrice eszenaratu zen kontzertuko musikari guztiez inguraturik, eta publikoaren txaloak eskertzeko Carmen operako aria bat eskaini zigun.  

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo