GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

21 urteko ibilbidearen ondoren, «Iparraldearen Orena» emankizuna kendu du ETBk

ETB1eko Ipar Euskal Herriko berrien emankizunak joan den ortziralean emititu zuen edizioa azkena izan zela jakin da gerora. Horren ordez, «Euskal Herria Zuzenean» saioan sartuko dituzte Iparraldeko albisteak.

Idoia ERASO | BAIONA

Joan den ostiralean izan zuen «Iparraldearen Orena»-k azken emankizuna. Horren ordez, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako berriak «Euskal Herria Zuzenean» emankizunaren barnean sartuko dira. Emankizun horrek «albistegietan sartzen ez diren berriak» ekartzen dituela azaldua da EITBko webgunean. Hori dela-eta, Ipar Euskal Herriko berri saila zen «Iparraldearen Orena»-k eskaintzen zituen informazioak non sartuko diren kezka sortu da. Baionako erredakzioko langileak bere baitan atxikitzen dituela adierazi du ETBko Ana Eskisabelek, baita erredakzioko kudeatzailea den K2000 ekoiztetxearen izenean Harri Granadosek. Ipar Euskal Herriko festibal ezagunaren izena hartzen duen emankizunean Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Lapurdiko bi bideo sartuko dira egunean.

Antolaketa berriari buruz Ana Eskisabelek hau azaldu du ETBren izenean: «Aste honetatik aurrera `Euskal Herria Zuzenean' Euskal Herri osoko gaurkotasuna bertatik bertara jarraituko duen saioaren barruan emango dira Iparraldeko eguneko berriak, `Iparraldearen Orena' izenburupean». «Euskal Herria Zuzenean» saioan «Sara Gandarak informatiboetan sartzen ez diren berriak ekarriko dizkigu egunero: gertakariak, auzoetako arazoak, bitxikeriak...» landuko dituztela azaltzen du EITBko webguneak. Hori dela-eta, kezka zabaldu da Iparraldean, ETBko albistegi nagusietan ematen ez diren Ipar Euskal Herriko berriak eta orain arte «Iparraldearen Orena»-n sartzen zirenak telebistan tokirik izango ez dutelakoan. Ipar Euskal Herriko gizartearen errealitatea osatzen duten hainbat eremu ez direla telebista publikoan agertuko zalantzan ematen da; kultura edo hauteskundeen jarraipena bezalako gaiek ETB1eko programazioan ez ote duten tokirik izanen. Harri Granadosek K2000 ekoiztetxearen izenean azaldu zuenez, «lehen zuten tarteak berdin segituko du, orain ez da bost minutuko formatua izango (`Iparraldearen Orena'), baina bi minutu eta erdiko bideoak egingo dituzte eta beste herrialde bat izango balitz bezala sartuko da», azaldu du. «Iparraldearen orena»-k gaurkotasun albisteen bideoak egiten zituen aurkezle baten laguntzarekin, eta eguraldia edota berri arin edo bereziren batekin bukatzen zen. Urteetan zehar formatua moldatzen eta egokitzen joan da.

Lantaldea

«`Euskal Herria Zuzenean' saioan (astelehenetik ostiralera 19:15ean) orain arte Iparraldeko gertakizun eta albisteak biltzen zituen `Iparraldearen Orena'-ko lantalde bera arituko da», azaldu du Eskisabelek. Baionako Euskal Telebistako taldean Guillaume Irigoien, Jasone Iroz, Igor Emery eta Franck Dolosor kazetariak aritzen dira berriemaile.

«Euskal Herria Zuzenean» emankizunari buruz Euskal Irrati Telebistako webguneak hau azaltzen du: «Hurbileko kontuen bila ibiliko dira eta euskaldunen iritziak jasotzen saiatuko dira, bereziki euskaldun gutxi dauden herrietan. Erreportari taldean Joseba Olagarai, Oihane Mateos, Iker Zabala, Asier Otegi, Aitor Perez, Naihara Gago, Lierni Agirrezabala eta Marta Elvira egongo dira».

K2000ko bozeramaile Harri Granadosek, bestalde, korrespontsaliak eta kontratuek berdin segitzen dutela azaldu du: «Gure aldetik ez da ezer aldatu, `Iparraldearen Orena' ez dela besterik ez. Iparraldeko edukiak egunero segituko dute». K2000k EITBrekin duen kontratua berez urte amaieran bukatuko da.

ASTEKARIA

Orain arte asteko emankizunen laburbilduma egiten zuen ETB1eko asteburuko saioak segituko duela adierazi du Ana Eskisabelek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo