GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Hutsune sortzailea

Udagoiena heldu da, eta berarekin, hizkuntza plastilina bihurtu gura dugunon olinpiadak. Munduan jarraipen handiena duen inprobisatzaileen norgehiagoka, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia

Udagoiena heldu da, eta berarekin, hizkuntza plastilina bihurtu gura dugunon olinpiadak. Munduan jarraipen handiena duen inprobisatzaileen norgehiagoka, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Udagoiena heldu da, naturak zabaltzeari utzi eta berarekin batera uzkurtzen gaituen ziklo depresiboa, udaberriko expansioarekiko kontrapuntu gisa, hasi berri da. Ezetz esan liteke zeru oskarbiari, bero larriari, jendearen arropa soiltasunari eta hondartzetan pilatzen garen animalia sozialen kopuruari begira.

Baina Izabako basoek ez dakite gezurrik esaten, Muriolako hondartzako labar ertzeko uretan bezala, orbelak dantzan dabiltza, haizearen zein itsasgoraren bals terapeutikoen erritmoan.

Sasoi batean ez nuen ulertzen zergatik egiten diren bertsolari txapelketak argia desagertzen hasten denean. Eskolarteko Bertsolari Gazteen Txapelketak ekainean egiten genituen, ekiak zeruaren gaina hartzen duen ilar- gialdian. Eta iruditzen zitzaidan sorkuntzak argitasunaren premia zeukala. Beroa, alaitasuna, mukirik gabeko eztarriak eta zero puntu jasota ere, ospakizun basatia eskaintzen zizun aroa.

Gaur, hori adierazten nuen artikulua idatzi eta sei urte beranduago, udagoiena bertsotan egiteko aproposagoa iruditzen hasi zait. «Eguzki eder joan guztien indarra»-k erre nau, eta «lanbroak izkutatzen dizkitanean, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten» entzuleari adierazteko gauza sinesgarriagoak aurkitzen ditut, argiago ikusten dut nire burua. Hutsune horretan begiratzen diot begietara nire buruari. Eta sinesgarri esaten dudanean, ez nabil rol bati aurreikuspenez, gure logela diabolikoan aurkitu diogun ustiapen dramatikoari buruz. Zure alderdi emozionala intelektualarekin batzen duen une magiko horretaz baizik. Zure burua une berean sortzaile eta hartzaile bihurtzeaz nabil, guztiok mila aldiz egin dugun horretaz, noski, buruan beste ezer ez geneukalako. Eta are gehiago, zintzoak bagara, «solitarioan» tranpak egiteari utziz gero, buruan ez genuke beste ezer izan behar. Baina horrek bat-batekoaren kalitate kanonak behin eta berriz zizelkatutako harri landuenarekiko inperfektua dela esatera eramango gintuzke berriz. Ortuko tomate deformea, Eroskiko borobiltasun perfektuaren aurka.

Ez da nire helburua debate antzu horretan sartzea. Inprobisazioa interesatzen zait niri. Sokan nirekin egongo diren horientzat guztientzat adiskide izan nahiko nuke, ez beste inorentzat. Bertigoa eta bere ondorio sortzaileak deskribatzeko erabiltzen ditudan hitzak elkarbanatu, ia gure lanbropeko mapak egiteko gai garen.

Udaberriak hostoz betetzen dituen adarrak, udagoienak hutsunez orbeltzen ditu. Fritz Pearls, Freud-en seme haserretuak bere ikerketetan ondorioztatu zuen legez, «Kreatibitatea soilik burua orainaldian edukita sortu liteke.» Eta horretarako, iraganean memorizatu eta mihi puntan ditugun klixeak, aurreiritziak, etorkizunerako asmo antsia sortzai- leak, onarpen beharrak eta batez ere, guzti horien ondorio diren beldurrak itzali behar ditugu. Hutsunea sortu, isiltasuna buruan. Hori da Hutsune Sortzailea, sormenaren iturria.

Hara nire aurtengo entrenamendua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo