GARA > Idatzia > Euskal Herria

Genero indarkeriari aurre egiteko Interes Komuneko Elkargoa sortu da

Lapurdiko zortzi herri bilduak dira atzo ofizialki Interes Komuneko Elkargo izendatu zuten «genero indarkeriaren aurkako eta gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunerako» Behatokian. Era horretako Estatu frantseseko lehenengo egitura da.

p016_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

2010ean abiatu zen ofizialki, Baionan, genero indarkeriaren aurkako Behatokia. Martine Bisauta herriko hautetsiak bultzaturik, gai horren inguruan lanean ari ziren elkarte eta profesionalak «mahai baten inguruan biltzea» izan zen lehen helburua. «Elkarte eta profesionalek baikorki erantzun zioten gomitari, Behatokiak benetako galdera bati erantzuten ziola agerian jarriz», zehaztu zuen Bisautak.

Genero indarkeriari loturiko kasuak 130 izan ziren 2012an Lapurdi kostaldean, eta beste 108, 2013an. Behatokia sortu bezain laster, partaideek -esaterako, Baionako erietxe nagusiak, auzitegiak edo polizia zerbitzuak- agerian utzi zuten gertakari horiei aurre egiteko «baliabideak» eskas zirela. «Arazo horren aitzinean beharrak handiak dira, eta bereziki, lerroak mugitzea ezinbestekoa da», argitu zuen Baionako hautetsiak.

Behatokiak Interes Komuneko Elkargoaren izaera juridikoa hartu zuen atzo, partaideen artean hitzarmena izenpetuz. Gertakariak garrantzi historikoa ere izan zuen, Estatu frantsesean gisa honetako lehenengo egitura baita. Izan ere, erakunde honetan ordezkatuta daude Estatua, Pirinio Atlantikoko Departamendua, Baionako erietxe nagusia, Angelu, Baiona, Biarritz, Bidarte, Hendaia, Donibane Lohizune, Bokale, eta Hazparneko udalak, eta tokiko elkarteak. Eta ekintza zehatzen bidez, gai horri buruz «sentsibilizatzea» da xede nagusia. «Interes Komuneko Elkargoak emakumeen hitza askatzea lagunduko du, eta arriskutzat emanak diren egoerak ezagutzeko aukera emanen digu erreaktiboagoak izateko», esan zuen Kotte Ecenarro Kontseilu Nagusiko lehendakariordeak.

Mandatu zehatzak

Egitura berriak honako eginbeharrak izango ditu, besteak beste: gazteei, profesionalei eta publiko zabal bati begira sentsibilizazio ekintzak bultzatu; genero indarkeria jasan dutenentzako gizarte laguntzak indartu (hala nola etxebizitza eta lan arloan); partaideentzat formakuntza bideratu; arlo horretan diharduten eragileen ekintzak bateratu; egituraren barne den lurraldean herritarrentzako arreta bulegoak paratu, informazioa eta laguntza emateko.

Horrenbestez, atzokoa, egituraren bilakaeran, «lehen etapa» baizik ez dela zehaztu zuen, azkenik, Olivier Janson Baionako fiskalordeak. «Ekintzak hedatuz joanen direla espero dugu».

Hedapena

Interes Komuneko Elkargoak zortzi herri biltzen ditu egun, baina zerrenda handituz joango dela azaldu zuen atzo Martine Bisautak. «Urrian zehar beste herriekin bilduko gara», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo