GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aguraingo ganadu azokari zapore berezia emango dio aurten Añanako gatzak

Abeltzainek eta nekazariek hartuko dituzte gaur Aguraingo kaleak ganadu azokaren 618. edizioa ospatzeko. Egunean zehar hainbat abere erakustaldi eta txapelketa antolatu dituzte. Eta horrez gain, gaurko egunak baditu beste aukera batzuk ere. Horrela, goizean San Juan plazan kokatuko den artisau azoka eta kaleetan izango diren kultur ekitaldiak ere ikusi ahalko dituzte aguraindarrek nahiz kanpotarrek. Aurten, Añanako gatzaren ekoizleak dira gonbidatu nagusiak.

p016_f02.jpg

Ion SALGADO | AGURAIN

Euskal Herriko abeltzainek hitzordu saihetsezina daukate gaur Agurainen. Izan ere, Arabako Lautadako herri honetan duela 618 urte hasi ziren ganadu azoka ospatzen, eta gaur egun ere milaka lagun biltzen ditu egun osoan izaten diren askotariko jardueren inguruan. Hala, goizeko lehen ordutik, herrikoek eta kanpotarrek bat egingo dute erdialdeko kaleetan, dela ganadu txapelketak ikusteko eta artisau azokari begiratu bat emateko, besteak beste.

Josu Perez de Villarrealek, Udaleko Kultura ataleko teknikariak, GARA egunkariari atzo azaldu zionez, aurten bi berritasun egongo dira Aguraingo azokan: batetik, San Juan plazan kokatuko dute artisau azoka, hamalau postuz osatuko dena; eta bestetik, Añanako gatzaren ekoizleen parte hartzea. Izan ere, Araba mendebaldean dauden gesaltzen ordezkariak aurtengo gonbidatu nagusiak izango direla azpimarratu zuen.

Ganadu azokari berari dagokionez, Euskal Herriko zaldi azienden VI. txapelketa Euskal Federazioak burututako ganadu txarolesaren IX. erakusketa-txapelketa, eta txerri, ahuntz eta ardi-azienda erakustaldiak izango dira aurtengo ekitaldi nagusiak. Horiekin guztiekin, kolorez beteko dira Lautadako udalerriko kale eta plazak nagusiak, gaur baserri handi baten itxura hartuko dutenak.

Baina abere erakustaldiez gain, goizean zehar beste ekimen ugaritan parte hartu ahal izango dute bisitariek. Esate baterako, goizean Arabako Artzain Gazta Txapelketaren XXVII. edizioa ere ospatuko da Agurainen. Perez de Villarrealek gaurko probak Euskal Herriko Txapelketarekin lotura daukala ere ohartarazi zuen. Azaldu zuenez, txapelketa zazpi herrialdeetan abian dagoen txapelketarako puntuagarria izango da.

Halaber, herriko auzoetan ere nekazaritzako makineriaren erakusketa zabala antolatu dute. Zentzu honetan, Udaleko teknikariak gogoratu zuen azokaren antolatzaileek Harresi auzoan bigarren eskuko merkatua kokatu dutela. Dirudienez, aipatutako merkatuan ehun postu baino gehiagok hartuko dute parte.

Ekimen kulturalak

Azokan kultur ekimen ugari izango dira gaur goizean. Horrela, 11.30ean Aguraingo eskolako ikasleek musika tresnak hartuko dituzte herriko kaleei bizitasuna emateko. Era berean, 12.00etan Euskal Herriko bertsolariak bilduko dira azokan Lautadako Bertso Eskolak antolatutako ekimena aurrera eramateko.

Eguerdian hasiko dira herri kirolen erakustaldiak ere, gero, arratsaldeko 18.00etan, umeentzako jolasak martxan jarriko dira Aguraingo txosnagunean.

eguraldia

Josu Perez de Villarrealek adierazi zuen bezala, eguraldia da azoka baldintzatzen duen elementu nabarmena, udazkenean izaten delako. Zorionez, badirudi gaur eguraldi goxoa egingo duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo