GARA > Idatzia > Kultura

Hendaiak eta Altsasuk Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bana hartuko dute gaur eta bihar

Hendaiako Beltzenia ezker-paretan jokatuko da saioa, gaur, 17.30ean hasita. Irabazlea Gernikako finalaurrekora sailkatuko da zuzenean. Altsasuko Burunda frontoiko saiorako sarrera guztiak salduta daude.

GARA | BILBO

Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto dira gaur Hendaiako Beltzeniako oholtza gainera igoko diren bertsolariak. Iñaki Zelaia hernaniarra da horietatik Txapelketa Nagusia hobekien ezagutzen duena, bosgarren aldia baitu. Amaia Agirrerentzat hirugarren aldia da eta Julio Sotorentzat, berriz, bigarrena. Felix Zubiak, Iban Urdangarinek eta Iñaki Apalategik lehenengoz kantatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle lanak.

Gaurkoa Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa da, irabazten duena azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da.

825 bertsozalerentzako tokia dago Burunda pilotalekuan eta guztiz beteko da. Saiorako sarrera guztiak salduta daude jada; asteazken gauean saldu ziren azkenak. Hortaz, ez da leihatila irekiko igandean.

Altsasuko Burundako saioa

Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira dira Altsasuko biharko saioan izango diren sei bertsolariak. Araba eta Nafarroako egungo txapeldunak dira, hurrenez hurren, Perea eta Silveira.

Sei bertsolariek jakin badakite zer den Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzea. Horietatik beteranoena Jexux Mari Irazu da. Bost aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta bitan izan da finalista. Unai Agirrek eta Xabier Silveirak launa aldiz kantatu dute Txapelketan; hirutan, Oihane Pereak; eta bina aldiz, Beñat Gaztelumendik eta Erika Lagomak. Iker Iriarte izango da saioko aurkezlea.

Bai gaur Hendaian bai bihar Altsasun egin beharko duten lana honakoa da: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian. Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso. Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Saioan irabazten duena azaroaren 17an Murgian jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da. Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina daude sailkatuta jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo