GARA > Idatzia > Kultura

«Deserriko kantak» aurkezteko birak Donostiara eroango du Eñaut Elorrieta

p052_f02_89x89.jpg

GARA | BILBO

Eñaut Elorrieta Donostian izan zen atzo, urriaren 18an bertako Antzoki Zaharrean «Deserriko kantak» bere azken diskoa aurkezteko emango duen kontzertuaren berri emateko. Aurkezpen bira gaur bertan hasiko du Mungiako Olalde aretoan.

«Deserriko kantak» izenburuaren azpian bakardadea eta biluztasuna gordetzen dira, norberaren barruan garatzen diren sentimendu babesgabeen kontakizuna: beti arrastoaren bila dabilen gizakiaren patua. Kokalekurik aurkitu gabe eta atsekabeturik igarotzen gara bizitzan zehar askotan... leku batean egon eta beste bat amestu, pertsona batekin lotu eta beste batekin egon nahi, herri batekoa izan eta erbestean bizi behar... gorputza alde batean eta gogoa bestean... egunero gizaki gizagaixooi gertatzen zaizkigun ezegokitzapen ezeroso horien atzetik, bizitzarako ikasgaia ezkutatzen da, gure emozioak jalgitzen dituzten estimuluak izango balira bezala.

Sarritan inspirazio iturri izan den gai unibertsal eta historiko honetan oinarrituta, Eñaut Elorrietaren berezko konposizioak argitaratuko ditu lan berri honek. Aparteko zigilua eramango duten abesti hauetan, Eñautek, ikuspegi eta emozio ezberdinetatik, sentimendu hura kantu bilakatzen du, beti sustrai bila dabilen gizakumearentzat helduleku bat eskaintzearren. Zuzeneko ekitaldia ere, diskoa bezala, zaindua eta berezia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo