GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Eman dezakeenaren zenbait izpi agertuz gailendu da Elortza

Igor Elortza eseriko da finalaurrekoetako aulki batean. Kinielak bete dira, beraz, Legazpiko saioko irabazleari dagokionean.

p052_f02_199x096.jpg

Amagoia MUJIKA

Kartzelakoan bertsolari izateak dakartzan pozez eta estutasunez aritu ziren Igor Elortza eta Beñat Lizaso, bakoitza bere ahotsetik. Eta kantatutakoak egiatik dena duela ikusi zen Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Gozameneko ertzak izan zituen saioak, baina bertsolariak txapelketan zenbat sufritzen duen imajinatzeko moduko pistak ere eskaini zituen. Horregatik gozatzen dugu txilinbuelta bakoitzarekin, sumatzen dugulako erortzeko arriskua handia dela, bertsolariak modurik eleganteenean disimulatu arren.

Eta elegantzia hitzaren segidan, noski, Igor Elortza. Bera zen faboritoa kinieletan eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta ez zuen eman ahal duen guztia. Baina eman zuena, bere-berea, puntadaz puntada josia. Hamarreko txikian Jokin Urangarekin egindako saioan erakutsi zuen eman dezakeenaren parte handi bat. Eta kartzelakoan, borobildu.

«Emakumeak zarete. Ama izan nahian tratamenduan hasi zineten aspaldi. Jokinek esan dizu gaur haurdun dagoela. Igorrek oraindik ez du lortu». Lehen alean bere poza ondo adierazi ez izanaren sentsaziotik kantatu zuen bigarrena, berriz ere bere ideia indartzera bueltatuz. «Agian hitz egin dut nik erdi trabeska/ barkau ulertu badezu lehen zela protesta/ zurekin argituaz doa nire kezka/ lehen baneukan fedea orain fede estra/ ta lehen ez dizut esan zorionak neska». Eta Jokin Urangaren erantzuna, «ama izan ezina nolako kaltea/ orain kolpez aldatu zaigu aldartea/ zuk neri zorionak hola ematea/ gauza bat espero det nik ere maitea/ laster nik ere zuri berdin esatea».

Kartzelakoan hauxe zuten kantatzeko gaia: «Pozik zaude horrenbeste jende zoriontsu egitea lortu duzulako». Gai polita, poztasunetik kantatzeko gonbita zelako, baina pentsatzekoa da bertsolarientzat ez zela samurra. Elortzak eta Lizasok bere-beretik abestu zuten, bertsolariak hainbeste jenderi pizten dion zoriontasuna ahotan hartuta.

Elortzaren kartzela ederra, maisua baita lan horietan. Hauxe bigarrena: «Gazte garaian dena korrika/ doa indartsu ta irrintzika/ aita ta ama ere askotan irriai ezin eutsita/ bat-batekoaren kinka/ lortu nahiaren irrika/ ez da beti hain polita/ aitai lehen eman gonbidapen bat baina ez du egin bisita/ han egongo da ezkaratzean irratia itzalita».

Lizasok, puntuazioan bigarren geratu zenak, bide berdintsua ibili zuen kartzelakoan. Eta perlatxo hau utzi zigun: «Nahiz batzuetan ipini eundoko borondatea/ sarritan txapa azpira joaten da errematea/ nik maite ditut puntuak, erantzunaren kolpea/ zein erreza izaten den egingo det esatea/ gaur nahi nuen bakarra zen daukadana ematea/ zuen zorionarekin nere zorion betea/ batzutan zein polita den bertsolari izatea». Azken agurrean esan zuen plazak utzi behar dituela etxean duen sorgintxoaz gehiago gozatzeko eta harrituta jaso zuen bere puntuazioaren berri. Ezustea izanda ere, polit horietakoa dirudi.

Mantxiren puntuak

Eta Beñat Lizasoren segidan, bere herrikidea eta laguna, Jokin Uranga. Ale bakoitza zainduz erabat kontzentratuta aritu zen Uranga, batzuetan besteetan baino gehiago asmatuz. Hamarreko txikian fin aritu zen Igor Elortzarekin, eta kartzelakoan mediku baten ahotik abestu zuen. Hauxe, hirugarrenaren amaiera: «...batek esaten zidan hala/ ze pena ama hil zala/ guk harrotasun bakarra dugu saiatu egiten gerala/ ta hortik aurrera beste lan dena naturak egin dezala».

Iñigo Manzisidor Mantxi zarauztarrak behin baino gehiagotan lortu zuen bertsozalearen sua piztea. Puntu erantzunean, esaterako. «Gutxirekin bizitzen ohituko bagina», jarri zion puntua Unai Elizasuk. Eta, Mantxik, «esan bezala egin ohi det ahalegina/ nahiz eta badaukadan askorako grina/ pobreena hori da nahi eta ezina». Eta kartzelan ere oso lan pertsonala josi zuen, Nafarroako Erriberan euskarak bizi duen egoera ahotan hartuta. Hauxe, lehen bertsoaren amaiera, «...nik sinisten det bizi-bizirik dala euskaldun odola/ ta harriz harri eraiki degu joan ta galdetu nola/ ez det ahaztuko inola/ zenbat umeren arkupe den gaur Tuterako ikastola».

Ainhoa Agirreazaldegik oso saio propioa osatu zuen, ez zuen galtzen utzi ale bat bakarra, denetan saiatu zen esan nahi zuena esaten. Kartzela polito hasi zuen, nahiz eta poto bat tarteko puntutan ez zuen hainbeste luzitu.

Eta Oihana Bartra ideietan oso fresko aritu zen saio guztian, entzulea askotan ezustean harrapatuz. Baina kartzelakoan Fagorren afera hartu zuen ahotan irristatzeko arrisku handiarekin. Zaila da hain gertuko, mingarri eta korapilatsuak diren gaiei hiru bertsotan irtenbide egokia ematea. Datorren astean, Oion.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo