GARA > Idatzia > Kultura

«Sortuko dira besteak» kantaldiak keinu berezia egingo dio Hernanin herri harresiari

Petti, Mikel Urdangarin, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo, Mixel Ducau, Iosune Marin eta Alex Sardui izango dira kantuan larunbatean. Azken honek herri harresiaren omenezko abesti bat estreinatuko du.

p048_f01.jpg

Ane ARRUTI | HERNANI

Belaunaldien arteko zubia eta zubi ideologikoa izan nahi du larunbat honetan Hernanin izango den Sortuko Dira Besteak emanaldiak. Belaunaldien artekoa, duela 35 urte kantuan ari zirenak eta hasi berri direnak oholtza berean elkartuko dituelako; ideologikoa, gaur egungo testuingurura lotuta doalako, errealitateari ihes egin ordez, elkarlana bultzatuz. «Aurretik pentsa ezin genezakeen jendea gurekin kontaktuan jarri da eta elkarlanean ari gara», esan zuen Joxan Goikoetxeak, emanaldiaren zuzendari artistiko eta musikariak.

Hori guztia islatzen saiatuko dira larunbat honetan Hernaniko udal pilotalekuan kantari izango diren zazpi artistak eta alboan izango dituzten musikariak. Adibide gisan, Donostian hasi eta Euskal Herri osora zabaltzeko beharra izan duen herri harresiari egingo dioten keinua. Alex Sarduik (Gatibu, Exkixu) kantatuko du, horixe bakarrik iragarri zuten atzo antolatzaileek. Hitzak, musika... «sorpresan» mantendu nahi izan dituzte.

«Sortuko dira besteak» ikuskizun kolektiboa da, duela hiru urte Xabier Leteren omenez egindako biraren hondarretik iaz sortu zena. Emanaldi batzuk eginak dituzte eta batetik bestera partaideak aldatuz joan dira.

Larunbat honetan zazpi kantariren ahotsak entzun ahal izango dira: Petti, Mikel Urdangarin, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo, Mixel Ducau, Iosune Marin eta Alex Sardui. Musikan lagun izango dituzte Joxan Goikoetxea, Oriol Flores, Txema Garces, Xanet Arozena, Xabier Zeberio eta Luis Fernandez. Joxe Anjel Arbelaitz antolatzailearen esanetan, aurreko emanaldiekin alderatuta, «erdia baino gehiago berria izango da, bai partaideak, bai kantuak».

Euskal Herritik mundura

Bakarka, binaka nahiz hirunaka arituko dira kantuan abeslariak, norbere kantuak eta bertsioak eginez. Euskal kantautore klasikoak izango dituzte gogoan, baina baita mundu zabalekoak ere, besteak beste, Leonard Cohen, Pablo Milanes, Jose Afonso, Joe Cocker, Janis Joplin edo James Brown. Horien kantuak euskarara ekarri dituzte eta horretarako hainbat bertsolariren eta idazleren laguntza izan dute: Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Juan Garzia, Amets Arzallus edo Harkaitz Cano.

Emanaldia 21.30ean hasiko da -«denbora ematen du Bilboko manifestaziotik bueltan etortzeko», esan zuten antolatzaileek-. Sarrerak Biteri kultur etxean eta Aralar eta Onddi tabernetan eskura daitezke, baita egunean bertan ere, 19.30etik aurrera, 15 euroren truke.

«Sortuko dira besteak», partaide ezberdinekin, beste bi emanaldi ere baditu hitzartuta. Azaroaren 24an Urruñako kiroldegian izango dira, bertako ikastolaren alde egingo den jaialdian eta abenduaren 22an, Donostiako Kursaalen. Datorren urtean Bartzelonara eta Parisera joateko asmotan ere badabiltza.

BELAUNALDI ZUBIA

Duela 35 urte Errobi taldeak Hernaniko Txantxilla auzoan eskaini zuen kontzertua San Joan egunez, Mixel Ducau tartean zela. Larunbatean, Iosune Marin 20 urteko hernaniarrarekin partekatuko du oholtza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo