GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Bost talderekin jokatuko da goma gaineko Bizkaiko Txapelketa

Jon LEUNDA

Bost talderekin jokatuko da Goma Gaineko Bizkaiko Sokatira Txapelketa, eta tartean, Gaztedi, neskekin bakarrik arituko da. Gaur Larrabetzuko pilotalekuan izango da saioa, 18.00etatik aurrera.

Abadiño, Urdulizko Iparralde, Nabarniz, Arratzu eta Gaztedi lehiatuko dira. Azken hau neskekin bakarrik joango da, eta gainerako taldeak zortzi lagunekoak izango baldin badira ere, hau hamar tiralarirekin arituko da.

Laster abiatuko da Lauko Txapelketa eta jadanik talde batzuk horretarako prestakuntza bezala hartuko dute gaurkoa. Abadiño da azken urte hauetan jaun eta jabe goma gainean, eta Bizkaiko txapela lortzeko faboritoa ere bera izango da.

Halere, pozgarriena talde berriak ikustea da. Tartean bakarren bat bada gaurko, eta Laukorako gehiago agertuko dira. Badirudi goma gaineko sokatira berriro ere indarra hartzen hasi dela, eta horixe da dudarik gabe izan litekeen albisterik onena. Lur gaina zailagoa da, eta badirudi hura oraindik lehengoan dagoela.

Urrezko lehiaketa

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur, 20.00etan, Leitzako pilotalekuan. Bertan Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo neurtuko dira.

Azkeneko jardunaldira, ordea, ia dena erabakita heltzen dira. Floren Nazabalek jadanik txapela segurtatuta dauka. Atutxak gaur deskalabru handirik izaten ez badu, bigarren amaituko du, eta Lopez geratuko da hirugarren postuan. Hiru horiek jokatuko dute Txapeldunen Ligako Kopa. Rekondok egiten duena egiten duela, bosgarren amaituko du luzeegia eta jarraitzen zaila den lehiaketa hau.

Norgehiagoka bera oso polita aurreikusten da, bi aizkolari gazte eta egun dauden bi onenetakoak lehiatuko dira. Proba honetan, ohikoa den moduan, bakoitzak proba ezberdinak egin beharko ditu, eta guztietako denborak batu eta onena duena izango da garaile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo