GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Sagardo botilak

Kartzelan egotea beti behartuta pairatzen den eta oso gogorra den esperientzia da, askatasunik gabe eta maite duzun jendearengandik aldenduta ibiltzea txakurkeria delako, eta, gainera, kartzeletako bizi baldintzak oso zorrotzak izaten direlako. Noski, baldin eta Banestoko presidente, PSOEko ministro, Guardia Zibileko jeneral edo PPko diruzain ez bazara. Kasu horietan, preso (edo) emango duzun denbora apurra ez zaizu bortitzegia egingo.

Baina halako kasuak salbuespena dira; kartzelan egotea esperientzia latza da. Eta euskal presoa izatea muga-mugako bizipena, lehen aipatutakoei gehitu behar baitzaizkie dispertsioa -eta horrek dakarren familiarekiko eta lagunekiko ardura-, bakartzea, tratu krudel orokortua, eta abar. Bizi izan duenak, hori zer den badaki; besteok, ez. Horregatik, azken egunotan kartzela urteez hain erraz aritu direnei, eta ez nabil Madrilera begira Euskal Herrira baizik, kontu handiagorekin ibiltzea eskatuko nieke, errespetuagatik.

Eta arrazoi horregatik beragatik, Estrasburgoko epaiaren gainean aritzean zaila egiten zait «garaipenaz» berba egitea. Libre geratu diren eta geratzekotan dauden lagun guztiek urte zaparrada itzela eman dutelako preso, eta urte horietatik asko doktrina madarikatu horrek opari- tuta. Horiek hala, epaia berri oso ona da, injustizia bati eta oinaze askori bukaera eman diezaiekeelako, baina, esan bezala, naretasunez hartu beharrekoa.

«10 urte gartzelan», abesten zuen EH Sukarrak. 564 ohe huts zenbatzen zituen Hertzainak-ek. Sufrimenduaz hitz egiten duten zenbakiak dira, estatuen krudeltasunak eta gatazkaren gordintasunak txiki utzi dituzten zenbakiak. Eta, hain zuzen, horri heldu behar diogu orain, gatazkaren konponbideari, Europak zirrikitu bat ireki baitu kartzeletan, baina konponbideak bakarrik zabalduko dituelako ateak.

Giza Eskubideen Auzitegiak eman digun lasaitua hasitako bidean aurrera egin eta estatuen sabotaje saiakerei erantzuna emateko indar bihurtu behar dugu. Eta hori egin ezean doktrina maltzur baten ordez hiru lege maltzurrago sortuko dituztela jakin behar dugu. Madrilen horixe bera eskatuko dute gaur.

Baina beno, etorkizuna ikusteko dago, eta, aipatu bezala, Europatik heldu zaiguna berri ederra da, ez dezagun ilundu. Zorioneko astea izan da, eta, letra larririk gabe bada ere, eta oraindik asko ganbaran utzi beharko ditugun arren... ze arraio neska-mutilok, jarri freskatzen sagardo botilak. Badatozela etxera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo