GARA > Idatzia > Kultura

Ken Zazpi eta EOS, uste baino gertuago dauden bi mundu

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpi talde bizkaitarrak bi urteko lanaren emaitza izan den diskoa aurkeztu zuten atzo. Musika klasikoa eta pop-rocka «eskuzabaltasunez» gerturatu dituzte erronka berri honetan. Hamaika kantu biltzen ditu diskoak, horietatik hiru berriak. Bost kontzertu eskainiko dituzte eta diskorako moldaketak egin dituen Fernando Velazquez orkestraren zuzendari lanetan arituko da zuzenekoetan. Oso sarrera gutxi gelditzen dira.

p051_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Bi mundu, pop-rockarena eta orkestra klasikoarena, ustez urrun daudenak baina eremu handia konpartitzen dutenak harmonikoki zein emozionalki, atzo Elkarreko Anjel Valdesek gogoratu zuen moduan. Fernando Velazquez konpositoreak lagundu du kasu honetan Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) gertura daitezen. Eta gerturatze horretan, denek alboratu behar izan dute zerbait. «Uste dut proiektu honetan parte hartu dugun guztiok jakin izan dugula gauzak bidean uzten eta eskuzabalak izaten proiektuaren alde, bai musikalki, bai pertsonalki. Denok izan ditugu prozesuan zehar sentsazio onak eta txarrak eta gai izan gara denok bai maila indibidualean eta bai kolektibo bezala, guzti horri aurre egiteko», esan zuen Eñaut Elorrietak, Ken Zazpiko ahotsak.

Zentzu berean hitz egin zuen Velazquezek; «uste dut diskoaren nahasketan guztiok galdu dugula indibidualki zerbait, baina osotasunean irabazi dugu. Jon [Fresko] gaixoa kanturen batetik bota egin dugu, ez dago bateriarik», erantsi zuen. «Batean baino gehiagotan!», gogorarazi zion umorez Fresko bateria-jotzaileak. Soinu bandak sortzen esperientzia zabala du Velazquezek (Getxo, 1976). «El Orfanato», «Lo imposible» edo «Zipi y Zape» filmetakoak bereak dira, besteak beste. Berak zuzenduko ditu zuzenekoak ere.

Ken Zazpirekin egindako proiektua EOSen Klasikat zikloan laugarrena da -aurretik swing gaua egin zuten, eta Michel Camilok eta Kepa Junkerak ere parte hartu dute zikloan- eta beste zenbait esperientzia ere izan ditu orkestrak: Mike Oldfield, Jorge Drexler, Mikel Laboa, Benito Lertxundi...

Hamaika kantuk osatzen dute diskoa. Horietatik hiru berriak dira, «Bihotz», «Oinutsik» eta «Gereziondoa». Aurreko lanetatik moldatu dituzte 2003an argitaratutako «Bidean» (Gor) lanetik «Ilargia» klasikoa eta «Haizea»; 2005eko «Gelditu denbora» (Gor) zuzeneko akustikotik, «Zapalduen olerkia»; 2007ko «Argiak» (Oihuka) lanetik «Gernikan» eta «Noizbait»; eta 2010eko «Ortzemugak begietan» (Elkar) diskotik «Hegoak astindu», «Hel nazazu eskutik» eta «Itsasoa gara».

«Prozesu guztian zehar ez gara saiatu kantuan oreka ezinbesteko bat bilatzen orkestra eta taldearen artean. Uste dut lehenetsi dugula kantua bera, eta badaudela kantu batzuk non taldeak protagonismo gehiago izan dezakeen, eta beste batzuetan orkestrak. Beste batzuetan, eta beharbada zailenak izan dira, orkestra guztia jotzen eta talde guztia jotzen egon direnak», azaldu zuen Elorrietak.

Gitarra elektrikoak presentzia nabarmena hartzen du adibidez «Zapalduen olerkia» kantuan eta «Gernikan» abestian, berriz, orkestrako hari instrumentuen indarrak azpimarratzen du 1937ko sarraskian hildakoen izen zerrenda, oilo ipurdia jartzeraino.

Diskoa EOSek Donostiako Miramonen duen egoitzan eta Elkar-eko estudioetan grabatu dute, Victor Sanchez eta Jean Phocas teknikariekin. Gitarra elektrikoak eta nahasketak, berriz, Ken Zazpiren ohiko teknikariarekin egin dituzte, Haritz Harreguyren Hi Gain estudioetan.

«Propioa eta berria»

Adibideak egon badauden arren, proiektu honi ekiterako orduan musikalki erreferentzia gutxi izan dituztela adierazi zuen Elorrietak. «Bilatu izan ditugu eta badaude bakan batzuk, baina ez geneukan erreferentzia konkreturik. Horrek eragin zigun momentu batzuetan galduta sentitzea, baina aldi berean, behartu gintuen momentu oro zerbait propioa eta berria sortzera».

Guztira bost zuzeneko eskainiko dituzte, Velazquez bera orkestraren zuzendari dela. Abenduaren 3an, Donostiako Kursaal auditoriumean; abenduaren 4an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; abenduaren 5ean, Bilboko Euskalduna jauregian; abenduaren 12an Gasteizko Principal antzokian; eta abenduaren 13an, Donibane Lohizuneko Jai-Alain. Sarrerak 16 euroan daude salgai, baina atzo gauean oso gutxi gelditzen ziren.

Bestalde, Lander Garrok zuzendutako «Bihotz» kantuaren bideoklipa dagoeneko ikusgai dago sarean. Bertan ageri dira taldekideentzat Nora Izagirrek diseinatu dituen jantziak; Picassoren «Guernica» koadroko sabaiko bonbilla txaketaren bizkar aldean darama Elorrietak, Juanma Aramendiren azaleko diseinuan ere ageri dena.

Zuzenekoak

Donostia: Abenduak 3, asteartea.

Kursaal auditoriuma. 20.00.

Iruñea: Abenduak 4, asteazkena.

Baluarte auditoriuma. 20.00.

Bilbo: Abenduak 5, osteguna. Euskalduna jauregia. 20.00.

Gasteiz: Abenduak 12, osteguna.

Principal antzokia. 20.00.

Donibane Lohizune: Abenduak 13, ostirala.

Jai-Alai pilotalekua. 20.30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo