GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-07-02
Xabier Isasi Balanzategi - UEUko kidea eta UPV/EHUko irakaslea
Auzitan dagoena

Auzitan edo zalantzatan dagoenari buruz erabateko asmoa hartu edo iritzia ematea» erabakitzea omen da. Hori dio Harluxet hiztegi entziklopedikoak erabaki hitzaren sarreran. Euskaldunok, edo haien arteko batzuk, behintzat, gurearen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Guk, hemen bizi garenok, gure antolamendu politiko eta juridikoaz erabaki ahal izatea, alegia. Antolamendu politiko eta juridiko hori dago auzitan edo zalantzan, hain zuzen ere. Ikuspegi politiko hertsi-hertsitik estatuek antolamendu politikoak (eta juridikoak) mugatu egiten du hiritarren erabakitzeko eskumena. Espainiako Erresumako hiritarrak Erregearen manupekoak dira, Frantziako Errepublikako herritarrak, berriz, estatuko hiritarrak dira, puntu eta kito. Estatu bakoitza bere araubidearen arabera da hiritarren eskubideen ba- beslea. Eta estatuak, oro har, eskubide eremu desberdinak eta bateraezinak dira. Batean homosexualak ezkon badaitez- ke, bestean ez, honetan gazteek zabor-kontratu latzak jasan baditzakete beste hartan ez horrenbeste. Ez gara berdinak eta ez gaituzte berdintzat hartzen. Estatuen arteko homologagarritasuna, bada, ez da inoiz erabatekoa izaten. Eskubideak ez dira unibertsalak, beraz.

Estatuak erabaki dezake bere lurralde zati bat uztea Francoren Espainiak Sahararekin egin zuen moduan. Edo armaz, ustezko bere lurraldea dela defendatzea galtzeraino, Frantziako Errepublikak Aljerrekin egin zuen moduan. Estatuak, neurri handian, behintzat, barne hartzen duten lurralde eta hiritarren gainean ahalguztidunak dira. Horrela, lurralde jakineko herritarren multzo batek estatuaren erabakitzeko eskumena eurentzat aldarrikatzen dutenean, gatazka sortzen da. Alderdi horretan oso esplizituak dira Espainiako1 zein Frantziako2 konstituzioak. Hori da Euskal Herrian gertatzen zaiguna. Estatuek onartuko balute euren lurralde jakin batzuetako herritarrek erabaki lezaketela lurralde horien antolamendu politiko eta juridikoa, gatazka gainditzeko bidean legoke. Baina, batzuen aburuz, onarpen hori estatuen beraien buruz beste egitea izango litzateke. Gurpil zoroa da, estatuen arauditik kanpoko zerbait nahi duena estatuen egituretan ez dauka aukerarik ezta planteatzeko ere!

Euskal Herri osoa eta aske gura dugunok esan ohi dugu erabakitzen uzten badigute galtzeko prest gaudela. Hau da, erabakitzeko une eta moduan adostuko bagenu bertoko herritar (Euskal Herriko) gehiengoak hobetsiko balu Espainia (edo Frantzia) handi eta bakarrari atxiki bizitzea onartuko genukeela. Baina hori, erabaki ahal izate aukera soila, galtzeko bada ere, arazo latza da Espainiako erregezale eta Frantziako errepublikazaleentzat. Euren pan-nazionalismoak itsuturik Euskal Herritik erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari murrizketekin eta zigorrekin eran- tzuten diote. Bide horretatik etorri izan dira Frantziako konstituzioan azken urteotako aldaketak eta bide beretik dator Espainiako konstituzioaren aldaezintasuna. Lotuta, ederto lotuta esamolde ezaguna datorkigu burura.

Begien bistakoa da eztabaida garratza eta erabat asimetrikoa dela. Euskal herritarrok, bakoitzak eta guztiok, erabakitzeko eskubidea daukagula nekez konbentzi- tuko ditugu Espainia eta Frantziako abertzaleak haien aberrien batasuna arriskuan ikusten badute. Euren aburuz, Frantzia eta Espainiaren batasuna estatuen giltzarria da-eta. Edo, Espainiako zenbait artzapezpikuk iradokitzen duten moduan, nazioaren batasuna balio moral zerutiarra da. Historiak erakutsi digu edozer gauzatarako prest daudela, baita gerrarako ere.

Irakurlearentzat, beharbada, esandako guztia gauza jakina da. Ez dugu ezer berririk esan, beraz. Halere, iruditzen zait auzia bere oinarri-oinarrizko terminoetan planteatzea ezinbestekoa dela. Hau da, Euskal Herriko herritar multzo handi batek, gehiengoak beharbada, erabaki-eskumena eurentzat aldarrikatzen dutela eta estatuek erabakimen hori herritar guzti horiei ukatzen dietela. Hori horrela dela, denon artean adostuko bagenu, estatuek eta erabaki-eskumena eskatzen dugunok, zerbait aurreratuko genukeelakoan gaude. Izan ere, mundu mailan badira izan gure antzeko egoeran, antzeko diogu eta ez egoera berean, dauden herriak. Quebecetik Irlandaraino beste hamaika adibide ekar genitzake.

Estatuentzat ez dira egoera gaindiezinak. Batasun Europarraren eraketak argi erakutsi baitigu estatuen egiturak aldagarriak direla bai barruko antolamendua egokitzeko, Alemaniaren batasuna kasu, zein estatuen arteko harmonizazio maila altuagoak lortzeko. XX. mendeko Europako mapen aldaketek argi asko erakusten digute lurralde antolamendu politikoetan aldaketak ohikoagoak direla ustearazi nahi digutena baino. Printzipioz esan dezagun estatuen esku dagoela aldaketarako bidea irekitzea. Baina ez bakarrik estatuen esku. Gure esku ere bai.

Pentsatzekoa da Euskal Herriari azken mendeotan onartu ez zaiona ez zaiola goizetik gauera onartuko. Bai. Beste kontua da Euskal Herriko eragileek, edota Euskal Herrian diharduten eragileek, zer nolako gaitasuna daukaten elkarren artean zerbait adosteko estatuak euren posizio higiezinetatik mugiarazteko. Hau da, erabaki-eskumena lortu aurretik, estatuak aldarazi baino lehenago, hainbat urrats egin behar ditugu. Hasierako urrats horiek egiteko Euskal Herriko eragileak (politikoak eta sozialak batez ere) dira erabakigarriak. Eragile horiek ez badira gauza, ez bagara gai, prozedurak eta metodoak adosteko oso nekeza izango da estatuarekin ezer egitea, besteak beste, mintzagairik eta mintzakiderik izango ez genukeelako. Euskal Herriko eragileen arteko oinarrizko adostasuna da estatuaren oskola zabaltzeko lanabesa.

Hori lortuko balitz bidea urratzen hasiko ginateke. Luzea edo motza izan daiteke, malkartsua edo laua, hori zaila da jakitea, baina erabaki ahal izateko bidea izango dela segurua da. Oso arrazoi sinpleagatik, estatuek Euskal Herriko eragileen artean adostutakoaren ildotik hitz egitea onartzen badute, Euskal Herria, modu batean ala bestean, ordezkatzen duen solaskide-gunea onartzen dutelako. Eta hori ez da gutxi. Itxura denez, abagune honetan estatuaren jarrera irekia da horrelako hizketa-prozesua zabaltzeko. Ez dakiguna, ostera, Euskal Herriko eragileen artean gaitasunik ote dagoen prozesu honetan oinarrizko adostasuna lortzeko.

Bien bitartean, lehengo lepotik burua: txobinismoaren diskurtso handiusteak, irainak, epaiketak, atxiloketak, gutxiespenak, mehatxuak eta erasoak. Halere, horrek guztiak bakoitza nor den eta non dagoen argitzeko balio dezake. Nork nori ukatzen dion askatasuna, zeintzuk diren estatuen mugak, zelan antolatzen dugun Euskal Herriko eragileen indarra, eta abar. Erabakitzea, hau onartu bestea ukatu, eta erabaki-eskumena lortzea ez dira gauza bera. Erabakitzea, gure ustez, ibilbidearen azken aurreko urratsa egitea da. Herritarrek proposamen jakina onetsi ala ezetsi baino garrantzitsuagoa da herritar horiek bitarteak eta moduak izatea erabakitzeko prozedurak erabili ahal izateko. Herritarrek, bitarteak eta moduak. Zalantzan daukaguna hori da, erabaki dezagun. -

1 «La soberanía nacional reside en el pueblo español, del que emanan los poderes del Estado.» (1. artikulua). «La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles, y reconoce y garantiza el derecho a la autonomía de las nacionalidades y regiones que la integran y la solidaridad entre todas ellas.» (2. artikulua)

2. «La France est une République indivisibleŠ/Š Son organisation est décentralisée.» (1. artikulua) «La souveraineté nationale appartient au peupleŠ (3. arti- kulua)


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
ADB:«Zapatero ha protagonizado una buena noticia»
Mundua
Masacre en un mercado chií de Bagdad
Kultura
Globalizazioaren kontrako kultura
Kirolak
Se repite el guión de hace dos años
Kirolak
Francia rememora sus buenos tiempos eliminando a Brasil
Euskal Herria
«La geografía política de la solución es la autodeterminación»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss