Egoerarik okerrenean ere ikuspegi baikorren bat aipatzeko modua beti aurki daitekeela deritzon publizitate irizpideari eutsiz (zer izango ote
litzateke gaur egungo komunikazio politikoa, merkatal publizitateko aburu zabarrenak erabiltzeko posibilitaterik ez balu?), Hamdan v. Rumsfeld kasuan Estatu Batuetako Epaitegi Gorenak Etxe Zuriari eman dion jipoi ikusgarriaren ondotik ere, «irakurketa baikor» horren bila abiatu dira bertako nahiz atzerriko bikoiztaileak. Haiek, ebazpenak ez duela Guantanamoko kontzentrazio zelaia itxi beharra suposatzen esaka. Besteok, demokraziari eta horrek berezkoa duen botere banaketari dagokionean Estatu Batuen eredugarritasuna (berriro ere) frogatzera datorrela epaia argu- diatuz. Tira.
Jakina ez dutela Guantanamo itxiko Epaitegi Gorenaren sententzia honen ondoren ere. Bush agintean dagoen bitartean behintzat. «Terrorismoaren aurkako gerra» inoiz ez dela existitu, edota galdu egin dela aitortzea izango litzatekeelako, hitz lauz. Guantanamoren balioa sinbolikoa da guztiz; ez du inolako funts militarrik edo inteligentziazkorik. Estatu Batuetako iritzi publikoari delako «gerra» horren izatea (eta irabazpidean denaren irudipena) erakusteko dago, dagoen lekuan eta moduan ipinita. Beste betekizunen bat balu, munduan zehar banatutako CIAren txupaderoetan, edo Diego Garcia irlan egongo litzateke, adibidez. Masa-psikologiako operazio berroren gehigarria besterik ez ziren Gorenak zapuztu dituen sasi-epaiketak.
Epaitegi horrek, ordea, ondotxo daki bere ukoaren arrazoien hari juridikoak eten ezean, noraino eramango lukeen nahi eta ez: Bushek 2001etik aurrera hasi dituen «gerren» izaera ilegal ez ezik kriminala ere aintzakotzat hartzera. Ez soilik nazioarteko legeriari dagokionean; baita ere Estatu Batuetako legeen arabera. Eta, bidenabar, presidentea auzipetu eta impeachmentari ekitera, herrialdeak 1864az geroztik izandako krisirik latzena sutuz. Noski, hori ere ez dugu ikusiko, alafede.
Erkide zuelako Bin Ladenen txofer izatera iritsi omen zen Salim A. Hamdan-en taxilari yemendar ia analfabetoaren kasuaren ondorioak, aspaldi dakiguna berrestera mugatuko dira: eltxo baten ziztadak ere hainbat gauza aldaraz ditzake. Adibidez, ziztada jasotzen duena une horretantxe tiro egiten ari bada. Eta as- paldion, tiroka harrapatzen dute Bush eltxo guztiek. -