IRUN
Laura Latiendaren ahots goxoa entzuten da ‘‘Egigun dantza’’, ‘‘Kamutsaren harramazkak’’ eta ‘‘Iduzki denean’’ abestietan. ‘‘Ghatusain’’ izenburuko diskoak dakartzan gainerako piezak instrumentalak dira. Hemen ez da hain arrunta, baina hemendik kanpoko folk taldeek hitzik gabeko melodiak jotzen dituzte nagusiki.
Ruben Caballero (gitarrak), Julio Bravo (biolina eta mandolina), Ritxi Salaberria (baxua), JaviArea (perkusioak), Igor Telletxea (bateria) eta IńakiDieguez (akordeoia) dira Laura Latiendaren bidaia-lagunak. Proiektua duela hiru urte jarri zuten abian. Telletxea Berakoa da, Area eta Caballero, berriz, Errenteriakoak; Salaberria hondarribiarra da eta Bravo, donostiarra;Latienda Beasaindik dator eta Dieguez, berriz, Irundik.Musikaren munduan esperientzia handia dute denek. IńakiDieguez, esaterako, Pantxoa eta Peiorekin dabil, Gontzal Mendibilekin, Triki Ta Kerekin, Jabier Muguruza eta Zaldiboborekin ere aritu izan da.
Sopuertako Mendebala jaialdiak antolatzen duen maketa lehiaketara igorri zuten eurena, eta irabazle izan ziren. Hala, disko bat gauzatzeko aukera izan dute. Bi egunetan grabatu zuten, otsailaren 4an eta 5ean, Elkarren estudioan.
«Mikel Fernandezekin lan egin genuen eta oso ondo joan zitzaigun dena. Estudioaren esperientzia oso ona izan da», aipatu du Dieguezek. Grabaketa zuzenean egin zuten, musikari guztiak elkarrekin, eta emaitza freskotasun handiko diskoa izan da. «Zerbait freskoa nahi genuen eta gurea».
IńakiDieguez da musika eta hitzen egilea. Hala ere, disko honetarako hainbat laguntzaile izan dituzte: Estitxu Fernandezek idatzi du ‘‘Egigun dantza’’ eta Igor Telletxeak jarri dio musika. Gaizka Sarasolak sinatu ditu ‘‘Kamutsaren harramazkak’’en berbak eta ‘‘Iduzki denean’’ Ipar Euskal Herriko kanta klasiko bat da.
Ghatusain gaztea da sortzez, baina dagoeneko jaialdi askotan parte hartu du kanpoan. Akordeoi jotzailea kexu da agertoki gutxi dituztelako EuskalHerrian, eta gehienetan atzerrira jo behar izan dutelako euren errepertorioa erakusteko.
«Hemen folk aldetik ez dago deus», esan dioGARAri. «Folk munduan badira jaialdi txiki batzuk, Mendebala eta Lekeition beste bat, baina besterik ez, egoera oso zaila da gurea bezalako taldeentzat Euskal Herrian», gaineratu du. Ghatusaingo musikariarentzat arazoa da: «Izan ere oso gaizki saltzen da euskal musika. Duela bi urte Bretainian izan ginen, eta jende guztiak ‘flipatu’ egin zuen euskal musikarekin, baina ez dute deus ezagutzen, akaso Kepa Junkera, baina hortik aurrera ezer ere ez».
Dieguezen esanetan, instituzioek badute ardurarik. «Galiziar musikariek edozein lekutan jotzen dute. Xuntak promo- zioa egiten du jaialdietara eta merkatuetara joanda. Diskoetxeek ere EuskalHerrian saltzen dute, baina kanpoan ez dute deus egiten saltzeko».