GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-03
Peñeen eguna Iruñean
Bost egunez aurreratu da San Fermin
Iruñeak erabateko aldaketa izan zuen atzo egun osoz, ohiko hiri lasaieta patsadatsua ­are gehiago uda partean­, jai handi eta alai bihurtubaitzen, sanferminetako edozein egunekin alderatzeko modukoa bai.Milaka dira, izan ere, uztailaren 7a aurreko azken asteburuan ospatzen duten Peñen Eguna sanferminen aurrerapen eta prestaketamodura hartzen dutenak.

Goiz-goizetik hasi eta iluntzera arte, jendez gainezka egon ziren Iruñeko alde zaharreko kale eta bazter guztiak, Nafarroako hiriburuan gutxi baitira sanferminen prestaketa jai horri muzin egiten diotenak; are gehiago kontuan hartzen badugu, batzuentzako horiek direla Iruñeko jairik handienak, gero eta jende gehiago joaten baita oporretan uztailaren 6a iristerako.

Peñen Egunean, gainera, «etxekoak» bakarrik biltzen dira oro har, eta elkarte horien gidaritzapean, adin eta gustu guztietarako modukoa den jai herritar eta parte hartzailea ospatzen dute Iruñean: haurrentzat, helduagoentzat, helduenentzat... Hala ere, ezin da ukatu, dagoeneko, bederatzi egunez munduko hiriburu bihurtzen den hiri txiki honek hainbat atzerritar hartu dituela bere babesean, eta zenbait belardi ere lo zakuz betetzen hasiak direla.

Peñen Egunak ez du San Fermin jaien ezaugarri nagusienetariko bat bera ere faltan: haurrentzako jolasak, txokolate jana, gaztelu puzgarriak eta erraldoi eta buruhandien konpartsak daude, eta helduagoentzako, berriz, artisautza feria zabal eta anitza, dantzariak, txistulariak eta dantzaldia, besteak beste. Hala ere, alaitasuna eta jai giro ederra izan ziren atzoko bereizgarriak.

Peñen Egunean, ordea, peñak berak dira, herritarren atzetik, noski, protagonista nagusi, komunikabideen aurrean iragan astean egin bazuten ere, egun hauxe probesten baitute hiritar guztiei sanferminetako zortzi egunetan batera eta bestera ibiliko dituzten pankartak aurkezteko.

Artisautza feria anitza

Goiz-goizetik hasi zen jendea Iruñeko alde zaharrean biltzen, Peñen Egunarekin batera, atzo ospatu baitzuten Jarana peñak urtero antolatzen duen entzierroko lasterketa ere. Horrek ere entzierroaren 800 metrotik gorako ibilbidean lehiatu nahi duen gero eta jende gehiago biltzen du urtetik urtera.

Peñen Eguna Gaztelu Plazan ospatzen dute, eta nahiz eguzkiak gogor jotzen zuen, jende askok egin zion aurre; lehenik peñek prestaturiko txokolatea dastatzeko, eta, ondoren, gainerako ekitaldi guztiez gozatzeko. 11.00etan zabaldu zituzten plazaren erdian ezarrita zeuden gaztelu puzgarriek ateak, eta puntukako gidabaimena indarrean jarri berri den honetan, ezinbestekoa zen haurrei «gidatzen» erakutsiko dien zirkuitu bat ere egotea. Gaztelu, herensuge eta txirrista forma zuten puzgarri horietan, eguraldi beroa ahaztuta, gogotik eta luzez gozatu ahal izan zuten txikienek.

Ordu erdi geroago zabaldu zen artisautza feria zabal eta anitza; askotariko produktuak aurki zitezkeen bertan, hori bai, denak eskuz eginak: beiraz, egurrez nahiz harriz eginiko belarritako, iduneko eta apaingarriak, San Fermin jaiekin erlazionatutako txotxongilo eta irudiak, beirazko ontziak, kamiseta eta bestelako arropak ­tartean Peñek Kukuxumusu eta Karrikiri elkarteekin elkarlanean sorturiko kamiseta­, marrazkiak, larruzko pilotak, Muthiko Alaiak peñak 75. urteurrena ospatzeko ateratako diskoa, eta abar luze bat.

Dantzari topaketa

12.00etan abiatu ziren Iruñeko kaleetan zehar hainbat dantzari eta konpartsa. Alde batetik, erraldoi eta buruhandien hiru konpartsa ibili ziren hiriburuko alde zaharreko kaleetan: Sanduzelai, Armonia eta San Fermin peñetakoak, hain zuzen. Dantzariak, aldiz, 50etik gora izan ziren guztira, Oberena, Muthiko Alaiak eta Ortzadar dantza taldeetakoak.

Kale estu eta zabalak jendez lepo jarri zituzten dantzariek eta musikariek beren doinu, erritmo, alaitasun eta arintasunarekin. Saiotxoa egiten zuten kale eta plaza orotan ehunka zaleren begirada eta baita txaloak ere eskuratzen zituzten; jaiegun bete-betea zen.

Haur eta helduek ere, bidenabar, erraldoi eta buruhandiez gozatzeko aukera paregabea izan zuten atzo, giro ederrean, baina sanferminetan biltzen denaren moduko jendetzarik gabe. Guztiek ere gogotik egin zuten lan gupidarik gabe berotzen zuen eguzkiaren azpian, baina ikusleek eta zaleek ere ez zuten inolako aitzakiarik jarri horien lana eskertu eta txalotzeko orduan.

Bai dantzari baita erraldoien ibilbide eta dantza saioek ere, une gorena 13.00ak aldera izan zuten, horiek guztiak eta atzetik zekartzaten ikusle guztiak, ehunka, berriro ere Gaztelu Plazan elkartu zirenean. Eguerdiko bero handiaren azpian azken saioak eskaini zituzten dozenatik gora ziren erraldoiek eta berrogeita hamarreko kopurua gainditzen zuten dantzariek.

Jaieguna izaki, erakustaldiak amaitu ondotik jende gehiena alde zaharreko kaleetan barneratu zen beste behin; batzuk bazkaltzeko asmoarekin eta beste batzuk bazkalaurreko tragoxka hartu eta pintxoa jateko helburuarekin.

Arratsaldean berriz ere zabaldu ziren artisautza postuetako eta puzgarrietako ateak, nahiz eta bazkalostean bertaratu zen jendea, unerik gehienetan behintzat, goizean hara eta hona ibili zena baino gutxiago izan zen. Hala ere, ugari izan ziren halakoez eta haurrentzako jolasez gozatzera inguratu zirenak arratsaldean ere.

Inguratu zirenetako askok, nolanahi ere, goizeko ikasgaia ederki ikasia ekarri zuten, plazaren erdian zutik eta eguzkitan egon beharrean, alboetako belardietan eseri edo etzan baitziren, ahal delarik, freskura pixka baten bila.

Baina, eguzkiaren indarra gainbehera hastearekin batera, jendea berriz ere Gaztelu Plazara joan zen, artisautza feriari lehenengo edo bigarren begiratutxoa bota, eta Idoia eta Mainz trikitilariekin dantza saio batzuk egiteko.

Arratsaldeko azken orduan izan zen, ordea, eguneko unerik gorena. 20.00ak jotzear zirela, alde zaharreko kaleetatik zetorren txaranga hotsa gailendu zitzaion, pixkanaka, trikiti soinuari. Horrekin batera iritsi ziren iruindar guztiek egun osoan zehar itxarondako hamasei peñetako pankartak, bai handiak baita txikiak ere. Alde zaharreko kaleetatik iristen joan ziren banan-banan, eta peñetako kideek hormaren kontra utzi zituzten, poliki-poliki eta elkarren segidan. Esan beharra dago aukera ezin hobea dela Peñen Egunekoa, pankartak ikusi eta patxadaz aztertu nahi dituenarentzako, sanferminetan oso maiz ikus daitezkeen arren, uneoro astindu eta mugimendu bortitzak jasaten baitituzte; eta horrela ez dago peñen umore eta satiraren aztarnarik ere hartzerik.

Azken finean, jaiegun bete-betea izan zen atzokoa, sanferminen aurrekaria. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Protesta contra la incineradora ante los junteros
Euskal Herria
Recuerdo a los gudaris y a los presos
Euskal Herria
Euskararen lurraldea handiagotu da, Alegia atzo UEMAko kide egin eta gero
Ekonomia
Los empresarios evitan reconocer las bajas por accidentes de trabajo
Kirolak
Casperrek izarrak menderatu zituen eta Hincapiek horia du
Mundua
Israel ataca con un misil la oficina del primer ministro palestino
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss