GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2006-07-03
Aritz SOLABARRIETA | Athleticeko jokalaria
«Lehen egunetik saiatu behar naiz leku bat daukadala erakusten»
Eibarren jokatu du joan den denboraldi osoa Athleticek utzita. Taldeak maila galdu arren, Solabarrietak denboraldi aurrea zuri-gorriekin egiteko aukera izango du. Oraindik gaztea da eta ondarroarrak badaki zelai erdian jokalari asko daudela eta horregatik zaila izango dela leku bat egitea. Hala ere, dohainak erakusteko gogotsu dago.

Athetic atzo hasi zen datorren denboraldia prestatzen. Jokalari gazteenak eta fitxaketa berriak izan dira Benasquera abiatu direnak. Han egongo da Aritz Solabarrieta ere. Eibarren utzita jokatu ondoren, hura izan da itzulerako bidea egin duen bakarra. Azkorra, Arriaga, Tarantino eta besteek ez dute zorte hori eduki. Horregatik, ez du aukera galdu nahi eta dena emateko prest dago lehen taldean tokia duela erakusteko.

-Noiz jakin zenuen aurredenboraldia Athleticekin egingo zenuela?

Orain dela aste pare bat, Bigarren Mailan Liga bukatu eta gero nire ordezkariak deitu eta esan zidan Benasquera joango nintzela.

-Espero al zenuen?

Itxaropena beti izaten da, eta ilusioa ere bai. Eibar jaitsi egin da eta ez da urte ona izan kolektiboarentzat; hala ere, beti izan dut itxaropena. Bagenekien ez ginela asko itzuliko, nik bat edo bi joango zirela pentsatzen nuen, asko jota. Baina, azkenean, zorte pixka bat izan dut.

-Eibarrerantz joan zinenean ziur beste gauza bat zeneukala buruan?

Bai, aurreko urtean oso denboraldi ona egin zuten. Lehenengo Mailara igotzeko zorian egon ziren. Aurten, ordea, hasieratik txarto aritu gara. Hiru entrenatzaile izan ditugu, eta hori oso seinale txarra da. Lezamatik minutuak eta partidak jokatzeko asmoarekin irten nintzen, eta hori behintzat lortu dudala uste dut. Bigarren Maila ezagutzeko aukera izan dut, eta arlo pertsonalean ere ona izan da, gogortzeko balio izan dit.

-Zer zentzutan diozu gogortzearena? Eibarren txistuak-eta jaso behar izan dituzu.

Jendeak aurreko urtekoa zeukan buruan, eta ikusita gauzak ez zihoazela ondo, hasiera batean gehien bat nirekin hartu zuten. Ez da justua esatea denak zirela, baina batzuk bai. Lehen Mailako talde batetik zatozenez, pentsatzen dute ez duzula ahal duzun guztia ematen. Txistuena ulertzen dut, taldea goian ikusi nahi baitute, baina jakin behar dute jokalariak guztia ematen ari garela. Gauzak ondo ez ateratzea guri ez zaigu komeni. Txistuak jasotzeak gehiago gogortzen eta ikasten laguntzen dizu. Jakin egin behar da egoera horri buelta ematen eta gauza negatiboetatik zerbait positiboa ateratzen.

-Opor gutxi izango dituzu deskantsatu ahal izateko?

Jende guztiak esaten dit gauza berbera, baina horrelako aukera batengatik merezi du, zalantzarik gabe. Bi aste izango ditut bakarrik, baina nahikoa izango da deskonektatzeko eta Lezaman hasten garenean dena emateko.

-Ezagutzen dituzu zurekin Benasquera joango direnak?

Bilbao Athleticekoak denak ezagutzen ditut. Gazteena Beñat da, baina Lezamatik ezagutzen dut. Baita lehenengo taldekoak ere eta Sarriegi bera. Uste dut talde polita goazela.

-Orain dela bi urte ere han izan zinen. Zer egingo duzue?

Futbola ez da batere egiten. Guztiok disfrutatu genuen nahiz eta pixka bat sufritu ere egin behar den beste kirol batzuk egiten: raffting, bizikleta, Anetora igo eta abar. Ondo dago pilak kargatzeko eta gure artean ezagutzeko.

- Asier Del Horno bera ere animatu da.

Seinale ona da. Orain dela urte bi hura ere egon zen eta ederki ibili ginen.

-Jokalari asko egongo zarete denboraldi aurrea egiten?

28 edo 30 jokalari egongo gara. Ez da izango erraza, baina lehenengo egunetik saiatu behar naiz lehen taldean leku bat daukadala erakusten.

-Zelai erdian egon daitezke postuak jokoan.

Garbi dago jokalari asko eraman dituela antzeko postuan jokatzen dutenak. Nik ere zelai erdian jokatzen dut, baina erantzukizuna Clementerena da. Guztiok joango gara topera eta taldearentzat onena dena hark aukeratuko du. Guk gauzak zail jarri beharko dizkiogu.

-Gorpuzkera alde izango duzu behintzat?

Ia hala den, nik harekin ez dut orain arte hitz egin. Gorpuzkera edota fisikoarena ez dakit zer punturaino izango den, baina, hala bada, hobeto. Nahiz eta fisiko ona eduki, gaitasunak ez badituzu demostratzen ez du ezertarako balio.

-Utzita egon diren jokalarietatik itzuli den bakarra izateak zer esaten dizu?

Poztasuna eta konfiantza puntu bat eman dit. Zure lana jarraitzen dutela ikusten duzu, eta alde horretatik pozik nago. Ez dut uste itzuli ez direnak ez daukatenik maila hor egoteko. Taldeak behar batzuk ditu entrenatzaileak ikusten dituenak, eta horiek betetzera joan da. Zorionez, zorte ona eduki dut, baina badaude jokalari batzuk, Gorka Azkorra edo Joseba Arriaga, esaterako, badaukatenak maila jokatzeko baina postu horiek beteta daude.

-Nola hartu dute besteek?

Lehengoan haiekin hitz egin nuen, ez dira une gozoak bizitzen ari. Aurten zerbait ikasi dut; hain zuzen futbola badagoela hemendik kanpo ere eta aurrera jarraitu behar dela. Eibarren egon naiz eta argi dago Athleticen moduan inon ez dela egoten. Futbol jokalariek argi eduki behar dugu hemendik kanpo ere gauzak egon daitezkeela.

-Ez baduzu Clemente konbentzitzen berriro joango zinateke utzita?

Ezin ditut begiak itxi eta burugogorra izan. Esaten badidate hobe dela utzita jokatzea, ikusiko dugu, baina buruan daukadan gauza bakarra da Benasquera joan eta gero beste talde- kideak etortzean topera egotea.

-Eta kontratua?

2007ra arte daukat, eta oraindik ez didate ezer esan klubekoek. Itxaroten egongo dira aurredenboraldian zer gertatzen den ikusteko, gauza horiek haien aldetik etorri behar dira.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Protesta contra la incineradora ante los junteros
Euskal Herria
Recuerdo a los gudaris y a los presos
Euskal Herria
Euskararen lurraldea handiagotu da, Alegia atzo UEMAko kide egin eta gero
Ekonomia
Los empresarios evitan reconocer las bajas por accidentes de trabajo
Kirolak
Casperrek izarrak menderatu zituen eta Hincapiek horia du
Mundua
Israel ataca con un misil la oficina del primer ministro palestino
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss