- Gipuzkoako harri-jasotze Txapelketa
Joseba Ostolatzak ez du hutsik egin
DONOSTIA
Joseba Ostolatzak jantzi zuen herenegun arratsaldean Gipuzkoako txapela. Zestoarra zen garaipena lortzeko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta lana gogor egin behar izan zuen txapela jantzi ahal izateko.
Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituen, eta bakoitzak hiru minutuko txandak izan zituen harri bakoitzarekin.
Lehenengo ezustea zilindroarekin izan zen, Irigoienek 33 jasoaldi eman eta Ostolatzak baino bat gehiago jaso baitzituen. Izeta III.ak, berriz, 29 eman zituen. Errezildar gaztea primeran aritu zen, eta txapela lortuko ote zuen ere pentsatu zuen batek baino gehiagok.
Kubikoarekin, ordea, zestoarrak gauzak bere lekuan jarri nahi izan zituen, eta txapela lortzeko urrats handia egin zuen. 22 jasoaldi eman zizkion, eta 19 Aimarrek. Jakinda Ostolatza bolarekin nola moldatzen den, garbi zegoen garaipena berea izango zela ezeren okerrik ez zela, eta horrelaxe izan zen. Bolari 27 jasoaldi eman zizkion, eta Irigoienek, berriz, bi gutxiago. Hala, Ostolatzak txapela segurtatu zuen.
Izeta III.ak ere lan ona egin zuen. Hasieratik bukaerara hirugarren postuan aritu zen, eta hori ez zuen izan inoiz arriskuan. Izeta gazteena ere laugarren izan zen, eta postu horretan aritu zen saio guztian zehar. Lertxundi ere ez zen gaizki aritu, baina azkeneko postuarekin konformatu behar izan zen. Eizmendi ere aritzekoa zen Usurbilgo finalean, baina ezin izan zuen.
Sailkapena
|