GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zientziaren gaineko webgune euskalduna sortu dute gazteentzat

Internauta, zientzia kazetaria, euskaldun berria eta aita berria da Alex Fernandez Muerza bilbotarra. Horregatik zebilkion azkenaldian buruan bueltaka zientzia edukiak Interneten eta euskaraz plazaratzeko asmoa, haur eta gazteei begira, alabari begira.

Hegazti gripea, energiaren krisialdia, zelula amak, transgenikoak, marea beltza, minbiziari aurre egiteko ikerketak... Gazte-zientzia.com webgunea sortu dutenen ustez, gero eta garrantzitsuagoak dira zientzia eta teknologia, eta hurbileko adibideak paratu dituzte azaltzeko: «Erreportaje hau idazteko ordenagailua behar da, baita prentsako makinak ere gero paperean argitaratzeko. Askok autoa erabiltzen dute lanera joateko; jateko, edateko eta janzteko aukera ugari izaten da dendetan gure esku... eta pentsa nolakoa izango litzatekeen bizitza argindarrik gabe!". Gai «handietan" ere izugarria da eragina. «Klima aldatzen badugu, eta hori mundu osoko zientzialariek frogatu dute Bushek ezetz esan arren, hondamen asko egongo da eta milioika pertsona hilko dira", ohartarazi dute.

Testuinguru horretan, plataforma berriaren egileen arabera, bizitzen ari garen iraultza digitalak komunikazio aukera ikara- garriak ematen dizkie zientziari eta teknologiari, baita euskarari berari ere. Hortaz, hagitz garrantzitsua deritzote alor horiei buruzko kalitatezko edukiak euskaraz kaleratzeari. Gainera, gaztetxoei begira osatu dute plataforma, bihar iritzia eman eta jasoko duen jendeari begira, etorkizunean ongizatea lortzeko eta iturri naturalak aprobetxatu eta hobeki garatzeko baliatu nahi baitute gaurko heziketa. «Euskaldunok aurrera jo behar dugu mundu honetan, atzeratuta eta baztertuta ez geratzeko, eta gure saioa bide horretatik doa, ekintza oso txikia izan arren", azaldu dute sortzaileek.

 Edukiak, denen artean

Alex Fernandez Muerza kazetari bilbotarra da proiektu berriaren arduraduna, baina zenbait lagunen eta adituren laguntza izan du. «Euskarri hori gabe, gazte-zientzia.com sortzea ezinezkoa izango litzateke, eta horregatik izen-abizen batzuk nabarmentzea gustatuko litzaidake: Zaragozako Alex Dantart informatikaria, Soraluzeko Josu Ansola teknikaria, Jose Antonio del Moral enpresaburu bilbotarra eta Darjan Panic diseinatzaile esloveniarra". Bizkaiko Aldundiko Kultura Sailekoek teknologia berriak euskaraz bultzatzeko diru-laguntzak eskaini zituzten eta Fernandezen egitasmoari baiezkoa eman zioten. Hala hasi zen webgunea lantzen, antzeko proiektuetan arreta jarri eta haietatik ikasita. Euskaraz bada zientziari buruzko bertze web orrialderik gaztetxoentzat, Elhuyar Fundazioaren Zernola.net. Ingelesez, aldiz, plataforma dezente dago: Cool Science For Curious Kids, Science News For Kids eta Eurekalert! Science for kids, erraterako.

Nola izan gaitezke ekologikoagoak autoarekin? Nola funtzionatzen dute zentral nuklearrek? Zer da sofware librea? Zergatik klonatu zuten Dolly ardia? Galdera horien eta bertze anitzen erantzuna izanen du internautak gazte-zientzia.com webgune berrian, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako albiste, erreportaje, elkarrizketa, bitxikeria, esperimentu, multimedia fitxategi eta kritikak plazaratzen baitituzte etengabe, eta indar handiena duten euskarazko hedabideen izenburuen berri ere ematen baitute. Internautek parte hartzeko gune bat ere bada: eztabaidatzeko eta ideiak trukatzeko foroa dauka; inkestak egiten dituzte eta lanak plazaratzeko aukera ematen dute. «Azken batean, Interneten edukiak denon artean sortzen ari gara eta webgune hau ez da ezberdina izango", dio Alex Fernandezek. Kazetariaren aburuz, ikastolan, institutuan eta unibertsitatean diharduten ikasleentzat bide ona izan daiteke lanak, egitasmoak eta berriak internauta euskaldunei ezagutarazteko.

Plataforma euskaldun, gazte eta moderno horretan parte hartu nahi duenak bi modu dauzka: foroetan eta inkestetan iritzia emateaz gain, nabigatzaileak artikuluak idatz ditzake interesgarriak iruditzen zaizkion edo gehien kezkatzen duten kontuei buruz. Azken kasu horretan, admin@gazte-zientzia.com helbidera idatzi eta proposamena azaldu baino ez du egin behar.

Bertze plataforma bat ere badu alex Fernandezek gaztelaniaz: Divulc@t

Alex Fernandez Bilboko internauta eta kazetariak lehenagotik ere badu zientziari eta teknologiari buruzko webgune bat, Divulc@t izenekoa, mundu osoko bizilagunen informazio eta iritziak biltzen dituena, baita sona handiko hainbat kazetariren eta adituren lanak ere. Alex Dantart Interneteko programatzaile eta analista, Pedro Gomez-Romero zientzialaria, Javier Armentia Iruñeko planetariumeko zuzendaria eta Felix Ares de Blas Donostiako Zientzia Museoko zuzendaria dira adibide. Erreferentzia da Divulc@t zientziaren eta teknologiaren arloan diharduten erakunde eta enpresetarako, eta horren erakusgarri da Internet&Euskadi elkarteak Buber saria eman izana. Gaztelaniazko plataforma da eta printzipioz helduei zuzendua dago; Fernandezen ustez, gazteentzat ere ulergarria eta erakargarria izan daiteke, ordea. Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo