GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ez al dago salda besterik?

«Salda dago" hori ondo hegoaldeko euskaldunok ulertzen dugu buruan erdarazko «hay caldo" esaldiaren iratxo inkontzientea daukagulako

Xabier Kintana

Euskaltzaina

Urtaro hotzetan, eta tenperaturak behera egiten duenean bereziki, taberna eta kafetegi askotan bezeroei salda beroa eskaintzen diete, gorputza epeltzeko. Produktu hori beti salgai egoten ez denez, prestaturik daukatenean iragartzeko karteltxo bat ezarri ohi da. Berori erdaraz Hay caldo eta euskaraz, maiz, Salda dago izaten da, aurrekoaren itzulpena, hitzez hitz. Gaztelaniazko testuaz ez dago zer esaterik, ongi dago eta. Euskarazkoa baina, arreta pixka bat so eginez gero, ez dagoela hain ondo konturatuko gara.

Gure hizkuntzan salda dago esaerak zer dago? galderari erantzuten dio, eta horrelako erantzuerak funtsean adierazten duena hauxe da: toki horretan salda besterik ez dagoela, taberna horretan bestelako edaririk ez balego bezala. Baina ez da hori jakinarazi nahi, baizik eta, ohiko ardo, kafe, te, txitxi-zotzak, freskagarriak eta whisky eta edari gogorrez gainera, bezeroek, salda ere salgai daukatela. Hortaz, abisua askoz ere egokiagoa geldituko litzateke Salda badago/Salda ere badago bezalako testuarekin, horiek zuzenik ba al dago saldarik? itaunari erantzuten diote eta. Eta dago-ren ordez berdin jar daiteke da ere: Salda bada; Salda ere bada edo Bada salda (ere).

Baten batek esan dezake, horrenbeste jira-bueltarik egin gabe ere, salda dago hori ondo ulertzen dugula guztiok euskaraz. Noski, baina ulertzen dugu hegoaldeko euskaldunok buruan erdarazko hay caldo-ren iratxo inkontzientea daukagulako, euskarazko adarra jo jatorraren ordez ilea hartu entzutean, erdarazko tomar el pelo-ri esker, horrek zer esan nahi duen dakigun bezalaxe, baina ez esaera hori berez euskaraz pentsaturik dagoelako. Eta geure hizkuntzaren nortasuna gordetzeko, ez da nahikoa bentanea edota tioa gisako erdarakada gordinen ordez leihoa eta osaba esan behar direla aldarrikatzea. Besteokin ere kontuz jokatu beharra dago, beroriek are arriskugarriagoak direlako, azaleko euskal hitzen azpian ezkutaturik, barruan, erdal sintaxia edota pentsaera arrotza sartzen digutelako, eta euskara, espainieraren morroi bihurtzen.

Bide beretik, ohikoez gainera, dagoen produktu berezia txakolina baldin bada, kartela honela jarri beharko da: Txakolina ere badago, Txakolina badago edo Bada txakolina ere. Eta eskaintzen dena olagarro edo txibien garro edo zati erreak badira, era honetako kartelak ipini daitezke: Txibierroak badira; Badira txibierroak; Txibierroak ere badira; Txibierroak ere badaude; Badira txibierroak ere edo Badaude txibierroak ere. Horietako edozein erabil daiteke, baina ez, otoi, hortik batzuetan irakur daitekeen Rabak daude moduko erdalkeria begi-mingarri hori.

Amaitzeko, esan dezadan txibierro hitza, agian lehorreko euskaldun askok ez dakiten arren, ez dela azken orduko hitz asmatua, Ondarroan behintzat betidanik erabiltzen den hitz jator-jatorra baizik, txibia eta erro «garro, hanka» osagaiez zuzen-txukunki moldatua eta kostaldean oso hedatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo