GARA > Idatzia > Kultura

«Ufaka zanpaka" Burrunkaren azken lana Hartzaro jaialdian

Ondoko otsailaren 16a eta 20a artean eginen dute Hartzaro jaialdia Uztaritzen. Inauterien tradizioan oinarritua, jaialdi horren xedeen artean sorkuntza bultzatzea dago. Aurten, XI. edizioa duela-eta, Beñat Amorenak sorturiko Burrunka taldearen «Ufaka zanpaka" azken ikusgarria azalduko dute, eta inauteriei loturiko egitarau zabala izanen da.

Ainize BUTRON | BAIONA

Tradizioa eta sorkuntza batzea da Hartzaro jaialdiaren xedea duela hamaika urte sortu zutenetik. Izenak aditzera ematen duen bezala, Uztaritzen egiten duten jaialdi hori inauterien tradizioari oso estuki lotua dago, eta betiere sorkuntza berriak bultzatzen ditu.

Horiek hala, otsailaren 16a eta 20a bitartean izango diren inauterietako animazioetatik at, euskal mitologian oinarritzen den Beñat Amorenak landuriko ikusgarri berria emanen dute: «Ufaka zanpaka».

Burrunka taldeak antzeztuko du sorkuntza berri hori, eta perkusioa eta gaita elkartzen ditu. Baina taldearen berrogei bat musikarirekin batera, Mariren, Herensugearen eta euskal mitologiako beste pertsonaia batzuen rolak bereganatuko dituzten herriko Izartxo dantza taldeko dantzariak izango dira taularen gainean.

«Iaz geroztik, gazteen sorkuntzak laguntzen saiatzen gara», aipatu zuen Pierre Haira ekimenaren antolatzaileak.

Hala, aurten, Beñat Amorenak sorturiko musikan oinarrituta, Izartxo taldeko Jose Casaubon eta Ainhoa Labeyrie koreografo gazteak aritu dira lanean obra muntatzeko.

«Inauteriek behin-behinean ero izateko aukera ematen dute. Izaera berezi hori kontuan hartuta asmatu dut `Ufaka zanpaka'», argitu zuen Amorenak.

 

Koreografia asmatua

Ikusgarriak, izan ere, artistak asmaturiko mundu guztiz «fantastikoan» barneratuko ditu ikusleak ondoko otsailaren 17an Uztaritzeko Kiroleta gelan.

Orotara, Izartxo taldeko hogei dantzari ibiliko dira taularen gainean musikariekin batera. Jose Casaubonek, berriz, dantzari horiekin landuriko koreografia aipatu zuen: «Gaita-jotzaileen doinuekin dantza tradizionalari eman diogu lehentasuna; perkusioarekin, berriz, dantza afrikarrei. Koreografiarako musikaren doinuekin jostatu gara».

Bestetik, Pierre Hairak Hartzaro jaialdian azken urteotan eman dituzten sorkuntzak Euskal Herrian zehar zabaltzea lortu dutela nabarmendu zuen.

Burrunka taldeak berrogei bat musikari elkartzen ditu, eta Uztaritzeko jaialdiaren karietara sortu zuten. Orduz geroztik, Euskal Herrian gaindi azaldu dute.

«Ufaka zanpaka» otsailaren 17an emanen dute, arratseko bederatzietatik goiti. Eta, aurretik, Garaztarrak dantza taldeak berrogeita hamargarren urteurrenerako sorturiko ikusgarria agertuko du.

Ikuskizun nagusi horretatik kanpo, musikaren, dantzaren, kantuaren, kaleko giroaren eta mitologiaren elkargune izango da Hartzaro lau egunez. Hamasei musika talde, zortzi kontzertu eta berrehun bat artista elkartuko ditu. Jaialdia otsailaren 16an hasiko da, Latsa gelan jaialdiaren ateak irekita. Ondotik, egunez egun, inauteriko hitzordu nagusiak aldizkatuz joanen dira: zerri-hiltzea, kale desfileak, haur ikuskizunak, kaskaroten kale desfilea edo zanpantzarraren epaiketa.

 

Auzoetan hedatu

Aurten, lehen aldiz, Hartzaro jaialdiko kideek jaialdia herriko auzo guztietara hedatzea erabaki dute. Hori dela-eta, aurten Heraitze izeneko auzoan jaialdiaren lehenengo animazioak izanen dira otsailaren 9a eta 11 bitartean. Bertan, hitzaldi, erakusketa eta kale animazioak izanen dira hiru egunez, kaskarotekin, mutxikoarekin eta trikitiarekin, besteren artean.

Bestalde, ehun eta berrogeita hamar haurrek parte hartuko dute antolatzaileek ikastetxeekin prestaturiko ekitaldietan. Besteren artean, inauterien berri izateko sei orduko ikastaroak emanen dituzte.

«Fantastikoa"
«Ufaka zanpaka" ikusgarriak ikusleak inauterien mundu fantastikoan barneratuko ditu Mari, Herensugea edo Likorna pertsonaia mitologikoekin. Ikusgarria otsailaren 17an Kiroleta gelan izanen da.
Dantzariak
Uztaritzeko Izartxo taldeko hogei bat dantzari ibiliko dira taularen gainean. Jose Casaubon eta Ainhoa Labeyrie koreografoak Amorenak landuriko musikan oinarritu dira ikusgarriko dantzak sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo