«Elkartegintzaren egungo egoera berrira moldatu beharra dago"
Iker IRIARTE
Iosu Roiok duela bi hilabete baino gehiago hartu zuen Nafarroako Gazte Kontseiluko lehendakari kargua. Oraindik gauza zenbait guztiz lotu gabe izan arren, lehen azterketa egin du.
-Bi hilabete pasa daramatzazu lehendakari gisa. Nolakoak izan dira? Espero bezalakoak?
Iaz ere batzorde iraunkorrean ibili nintzen lanean. Aurten, lehendakaritzan, lana ez da askorik aldatu; izan ere, hemen egiten den guztia kolektiboa da. Ardura gehiago hartu beharra baino ez da nabaritzen. Halere, pozik nago taldean lan eginda.
-Nafarroako gazteriaren erradiografia bat izango duzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Hasi berria naizen arren, egoera aztertzen ari gara. Kontseiluan 60 taldetik gora gara, eta horien inguruan 25.000 gazte-edo biltzen gara. Haien beharrak eta baliabideak ere ezagutzen ditugu, eta azken horiek areagotzeko lanean gabiltza. Badaude arazo larriak ere: etxebizitza, lan mundua... Askatasuna, azken finean, eta horiek hobetzeko ere lanean dihardugu.
-Aurreko batzorde iraunkorrak indar handia egin zuen asanblearismoa eta sareen sare moduko bat bultzatu nahian. Horri eutsiko al diozue ?
Bai, gure asmoa horri jarraipena ematea da; kontseilu barruan dauden gazte elkarte guztien artean sare bat sortzea. Hau da, bakoitzak zer eskain dezakeen aztertu, eta, horrela, elkarri laguntza eman eta hitzarmen modukoak sortzea gu bitartekari izanik. Elkarteen arteko elkarlana bilatzen dugu. Baina ezin dira ahaztu kontseilutik kanpo dauden elkarteak. Ez dago gure esku horiek kontseiluan sartzea, baina ahal duguna egingo dugu erakartze aldera.
-Batzorde berria eratzerakoan, helburu batzuk izango zenituzten; zeintzuk?
Aurten, gure lan ildoak hiruzpalau izango dira, baina agian garrantzitsuena duela 20 urte ezarritako dekretua aldatzea izango da. Gazte elkarteak eta elkartegintza asko aldatu dira ordutik, eta dekretua egungo egoerara moldatu beharra dagoela uste dugu. Izan ere, irizpideek ez dute bat egiten Nafarroako gaurko egoerarekin. Bat nabarmentzekotan, hau: elkarte batek kontseiluko kide izateko Nafarroako Gazte eta Kirol Institutuko erroldan izena emana behar du; gainera, 50 kide baino gehiago izan behar ditu. Hori gaur egun Nafarroan oso zaila da, gazte elkarte asko herrietan baitaude. Beraz, irizpideak aldatu nahi ditugu, eta zergatik ez, gazte asanbladak eta bajera girokoak ere gure esparrura erakarri. Azken finean, gazteak dira; parte hartzen dute; elkartegintza bultzatzen dute. Gurekin lan egin dezaten eta gure baliabideak erabil ditzaten nahi dugu, kontseilua zabaldu, ezagutarazi eta gazte guztiengana iritsi.
-Gizartean bezala, euskararena gazteen artean ere ahoz aho dabilen kontua da, aurrerantz egin arren, pausoak nahiko txikiak baitira. Horri begira, zer duzue pentsatua?
Guk NGKtik normalizazioa bultzatzen dugu. Uste dugu eskubidea dugula euskaraz egiteko, eta gu ele bitan lan egiten saiatzen gara hemen: langile guztiak elebidunak dira, eta gure dokumentu eta ekimen guztiak elebidunak izan daitezen saiatzen gara. Hau da, Nafarroako egoera guztietara hurbildu nahi dugu.
-Azken urteotan, gazte askori erasotzen diete gazteen eta okupazio mugimenduaren aurka jota.
Asanbladak gune publikoak publiko izan behar dutela dioen ebazpen bat onartua du duela denbora zenbait; autogestionatuak dira eta gazteek eurenak sentitzen dituzte. Azken finean, proiektu bat geure eginez gero, horren inguruan lan gehiago eta hobea egingo dugu. Horregatik, gaztetxe eta lokalak autogestionatuak izan daitezen bultzatzen dugu. Gazteek eurek lokal horiek kudeatzea, tailerrak prestatzea, proiektuak garatzea; dena eurek eurentzat egina. Gaurko egoerak ez du horretara bultzatzen, baina uste dugu biderik egokiena dela.
-Iaz kontseiluak bilerak egin zituen alderdi politikoekin Nafarroako aurrekontuetan gazte kontseiluari dagokion kopurua ez igotzeaz gain, jaitsi nahi zutelako. Zertan da auzia?
Iaz, gure beharrak ikusita, plan estrategiko bat aurkeztu genion Nafarroako Kirol eta Gazteria Sailari. Gainera, talde politiko guztiei ere aurkeztu genien. Izan ere, hamar urtez aurrekontu kopuru bera mantendu digute, eta, gainera, KPI eta beste hainbat igoera «ahaztu» dituzte. 45.000 eurokoa da aurrekontua, eta horrekin justu-justu biziraun dezakegu; proiektu asko aurrera eraman gabe uzten dugu. Plan Estrategikoan, inguruko kontseiluen aurrekontuetara hurbiltzeko eskatu genuen, Estatu osoko aurrekontu txikiena guk baitugu. Institutuarekin, talde politikoekin eta kontseilari berriarekin hori bultzatzen jarraituko dugu. Azkenean, lan polita egiten dugula uste dugu, baina horretarako baliabideak behar-beharrezkoak dira.