GARA > Idatzia > Kultura

«Lapur-zuloa" estreinatuko du Donostian Kanpingags konpainiak

«Lapur-zuloa" estreinatuko du asteburu honetan Kanpingags konpainiak Donostian. Asier Hormazak atzo nabarmendu zuenez, ordu eta erdi primeran pasatzeko komedia arina da. Gehienbat pertsonaietan oinarritzen da, eta pertsonaia horiei bizitza ematen dieten aktoreak, berriz, punta-puntakoak dira, zehatz-mehatz, Hormaza bera, Joseba Apaolaza, Kontxu Odriozola, Itziar Ituño, Kandido Uranga, Patxi Barco, Asier Sota, Ainhoa Aierbe eta Ainhoa Garai.

Martin ANSO | DONOSTIA

Hainbat obsesioren mende bizi diren lau pertsonaia elkartu dira. Mota guztietako terapiak probatu dituzten arren, obsesioak burutik kendu ezinik dabiltza. Halako batean, batek lapurreta erraz bat egiteko aukera aipatu du, eta den-denak, terapiak bat-batean ahaztuta, prest agertu dira. Izan ere, ba al da dirua baino terapia hoberik? Alabaina, lapurreta ez diote edonori egin, mafiari baizik, eta horrek istorioa korapilatu eta ustekabez beteko du. Horixe da Kanpingags-ek asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko duen «Lapur-zuloa» komediaren abiapuntua

Jatorrizko testua Stephen Adly Guirgis estatubatuarrarena da; eta euskarazko moldaketa, berriz, Julia Marin-ena.

«Geure buruaz ere barre egin»

Carlos Zabala zuzendariak atzoko aurkezpen ekitaldian esan zuenez, Estatu Batuetako gizartearen nolabaiteko satira da «Lapur-zuloa». «Erretzeari uzteko, gizentzeari uzteko edota hiltzeari berari uzteko ikastaroz beteriko gizartea da, eta, hala ere, inon baino drogazale, gizen eta hiltzaile gehiago dago. Iparramerikarren kontura barre egiten dugu, gogotik barre egin ere, baina horien kontura bakarrik egingo bagenu, ez luke meritu handirik, eta horregatik geure buruaz ere barre egiten dugu. Izan ere, mafiosoak, ustez italiarrak, azkenean euskaldunak izango dira. Iparramerikarren kontura barre egiten badugu, geure buruaz barre egitea ere komeni da, gu geu haiek bezainbeste gaixotuko gara, bestela», esan zuen.

Asier Hormazak, berriz, protagonistak Estatu Batuetako film eta nobelei esker edozeinek identifika ditzakeen pertsonaiak direla gehitu zuen, esaterako, txikanoa edota psikoanalista. Pertsonaia horiek istorioa bera baino garrantzitsuagoak omen dira, eta horregatik aktoreak punta-puntakoak behar ziren. Ezbairik gabe, oparoa da Kanpingagsek bildu duen elenkoa: Asier Hormaza bera, Joseba Apaolaza, Kontxu Odriozola, Itziar Ituño, Kandido Uranga, Asier Sota, Patxi Barco, Ainhoa Aierbe eta Ainhoa Garai.

Joseba Apaolazak, aldiz, «Lapur-zuloa», oroz gain, komedia arina dela nabarmendu zuen, ordu eta erdi bat primeran pasatzeko modukoa. «Ez dut uste komiki bera denik, baina komiki kutsua baduela lasai asko esan daiteke», egin zuen ñabardura.

«Lapur-zuloa» ostiral, larunbat eta igandean jokatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 20.00etan. Gero, Andoain, Gernika, Oiartzun, Tolosa eta beste hainbat herritan antzeztuko dute. «Dagoeneko 20 bat emanaldi dauzkagu lotuta», esan zuen Xabier Agirre ekoizleak.

Erdarazko aldaera bat ere prestatzen ari da Kanpingags. Martxoaren 17an estreinatuko dute, Burlatan.

GAZTELANIAZ ERE

«Lapur-zuloa"ren gaztelaniazko aldaera ere prestatzen ari dira Kanpingags konpainiako kideak. Gaztelaniazko aldaera horren estreinaldia martxoaren 17an egiteko asmoa dute, Burlatan.
Diru-laguntzei buruzko eztabaida sustatu nahi dute
«Lapur-zuloa" da Kanpingagsek ekoitzi duen seigarren lana, eta oraingoan ere konpainiak finantzaketaren %100 bere kabuz lortu behar izan du, mailegu pertsonalen bitartez. Izan ere, eskatu arren, ez dute inolako diru-laguntza publikorik eskuratu. Hori nabarmentzeko eta, are, salatzeko ere aprobetxatu zuten atzo. «Diru-laguntza eskatu eta, gure ikuskizunek arrakasta handia izan dutela argudiatuta, ukatu egin digute; beraz, Kultura Sailaren diru-laguntzak lortzeko porrotera bideratutako lanak ekoizten hasi beharko ote dugu?", ironizatu zuen Carlos Zabalak. «Ez dugu jendaurrean negarrez hasteko asmorik -argitu zuen Patxi Barcok-, guk kalitatezko antzerkia euskaraz egiten jarraitzen dugu, eta Euskal Herriko azken zokoraino ere eramaten, baina diru-laguntza publikoak banatzeko irizpideei buruzko eztabaida premiazkoa da". Diru-laguntzak hainbesterako ere ez direla zehaztu zuten Asier Hormazak eta Xabier Agirrek, baina ekoizleen zama pixka batean bederen arintzeko adina bai. «Gu, berriz, sei urte daramatzagu sarerik eta koltxoirik gabe lanean, arrakastari fidatuta", esan zuten.

«Lapur-zuloa"

Egilea: Stephen Adly Guirgis. Moldatzailea: Julia Marin. Zuzendaria: Carlos Zabala. Konpainia: Kanpingags. Non: Donostiako Antzoki Zaharrean. Noiz: ostiral, larunbat eta igandean, 20.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo