GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskola elebidunak galtzaile nagusiak heldu den ikasturteari begira

Hezkuntza Nazionalaren Departamenduko Batzarra atzo goizean izan zen Pauen, hurrengo ikasturterako irakasle lanpostuen kopurua erabakitzen. Aurretik ezarri eskola-kartak ia aldaketarik ez zuen izan, beraz, irakaskuntza elebiduna izan zen galtzaile nagusia. Ipar Euskal Herrian kenduko diren 25 postuetatik 17,5 eskola elebidunetakoak izanen dira. 150 lagun elkartu ziren prefekturaren aitzinean protesta egiteko 2007-2008ko eskola karta erabaki zutenean.

Idoia ERASO |

 

Duela bi aste ezagutarazi zuten behin-behineko eskola karta aldaketa gutxi batzuekin onartu zuten atzo, Paueko prefekturan. Hezkuntza Nazionalak bakarrik onartu zuen; izan ere, atzoko bilkuran parte hartu zuten hautetsi guztiek kontrako boza eman baitzuten. FCPE gurasoen elkarte garrantzitsueneko Nicolas Graef-ek azaldu zuen: «Nabarmena da lehen aldiz denek kontra bozkatu dutela, irakasle, guraso eta hautetsi guztiek. Aho batez kontra bozkatu dute erabakia salatzeko».

Ipar Euskal Herrian heldu den ikasturtean kenduko dituzten 25 irakasle lanpostuetatik 17,5 eskola elebidunetan izanen dira eta 7,5 besterik ez eskola elebakarretan. Orotara 35 eskola eraginen ditu erabakiak, eta horietatik 27tan irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute. Departamenduko Akademiako Inspektore Jean-Michel Eplek ikasturte hasieran sor daitezkeen egoera larrietarako lau lanpostu gorde dituela adierazi zuen. Bestalde, hiru herritako eskolen lanpostuak blokeatuak daude ikasturte hasieran izanen duten irakasle kopuruaren zain.

 

Euskararen Erakunde Publikoa

Irisarriko auzapez Jean-Michel Indaburuk adierazi zuen: «Eskandalizatuak gara jakinez borrokatu garela eskola zabaltzeko, eta orain Estatu frantsesak ez duela dirurik ezarri nahi, eta EEPk ez duela fitsik laguntzen postuen atxikitzeko eskola elebidunetan».

Orain begirada guztiak ostegunean Euskararen Erakunde Publikoak emango duen prentsaurrekora daude zuzenduak. «EEPko presidente Max Brissonekin mintzatu nintzen joan den larunbatean izan zen Auzapezen Biltzarrean, eta han adierazi zigun ez dela aurretik aztoratu behar eta zerbait eginen dutela», esan zuen Indaburuk. Ikas-Biko presidente Thierry Delobelek adierazi zuen: «Ez gaude batere pozik erabakiarekin, baina adierazpenik egin baino lehen analisi bat egitea deliberatu dugu, eta, batez ere, EEPk ostegunean errango duenaren zain gaude. Haren arrazoiak entzun eta gero emango dugu iritzia».

Azken bi asteetako protestek jarraituko duten ez dute erabaki. Indaburuk esan zuen: «Ikusiko dugu beste eskolekin, baina ez dut uste horretan geldituko garenik, egoera horretan gure haurrek ez dute eskola segitzen ahalko normalki». FCPEko Graefek honakoa adierazi zuen: «Arratsaldean izanen dugun bilkuran erabakiko dugu protestak egiten segituko dugun edo ez. Baina hautetsiekin biltzea aurrez ikusi dugu».

aho batez
Irakasle lanpostuak erabakitzen dituen Departamenduko Batzarrean izan ziren hautetsi guztiek aho batez Hezkuntza Nazionalaren proposamenaren kontra bozkatu zuten, azken hori salatzeko.
27 eskola elebidun
Heldu den ikasturtean kenduko dituzten 25 irakasle postuetatik 17,5 eskola elebidunetan izanen dira eta 7,5 eskola elebakarretan. Orotara 35 eskola eraginen ditu erabakiak, eta horietatik 27 dira elebidunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo