GARA > Idatzia > Kirolak

Txirrindularitza

Hunt-ek eta Loddok Estatu frantsesean eta Malaysian garaipena eskuratu dute

GARA | PARIS

 

Unibet.com taldeko Jeremy Huntek garaipena lortu zuen atzo La Marselleise Sari Handian; Tinkoff taldeko Mihhail Ignatiev eta Cofidiseko Staf Scheirlinckx txirrindularien aurretik iritsi zen. Gardanne eta Marsella herriak lotu zituen 126 kilometroko ibilbidean hainbat ihesaldi egon zen. Horietako bati esker irabazi zuen Hunt britainiarrak.

Hain zuzen ere, ihes egin ostean helmugara iritsi zen multzoan hamabi taldetako hamalau txirrindulari zeuden. Tropelaren pasibotasuna aprobetxatuta, hamalauak erasotzen hasi ziren Petit Galibier izeneko lepoan.

Hunt, Ignatiev eta Elijzen, azken hori Cofidisekoa, metro batzuk aurreratu ziren, eta helmugarako bidea hartu zuten abiada bizian. Hamar kilometroren faltan, Cofidisekoa atzean geratu zen. Beste biak bakarrik iritsi ziren eta sprintean jokatu zuten garaipena.

Bestalde, Alberto Loddo italiarrak Malaysiako Langkawi Itzuliko bosgarren etapa irabazi zuen atzo, proba horretan lortzen duen hirugarren garaipena -lehenengo eta laugarren etapa ere eskuratu zituen-. Loddo Kota Bharu eta Kuala lotzen dituen 167 kilometroko ibilbidean izan zen lehena, sprintean.

Maximiliano Richeze argentinarra eta Nicholas Sandersos australiarra sailkatu ziren atzetik. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik gertatu. Anthony Charteau fantziarrak jarraitzen du lehen postuan, eta Walter Pedraza kolonbiarra du lau minutura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo