GARA > Idatzia > Txokotik

Auzo arteko kontuak, demokrazia eta mugimendu kontuak

Ezker abertzaleak herenegun aurkeztu zuen proposamen politikoak hautsak harrotu ditu. Hala hauts inperialak nola autonomikoak. Baina ez du inolako ekarpenik egin, Ibarretxeren arabera, bere izena duen planak proiektu hori bere baitan hartzen baitu «finezia juridiko handiagorekin». Madrilera jo beharko dugu hitzok egiaztatzera, hantxe baitatza estatutu jaio gabe hura.

Rodolfo Aresek ere erantzun zuen, baina PSEko eleduna hildakoak bake santuan uztearen aldekoa da. Esan zuenez, ez dator bat erabakitzeko eskubidearekin. Hobeto azalduko lukete PPko buruargiek: erabakitzeko eskubideak arrisku bizian jarriko luke demokrazia. Eta horien demokrazia gustura egoteko modukoa da. Parlamentu batek onartzen duena, beraiek ados ez badaude, beste parlamentu batek atzera botako du.

Aresek bestetik, esan zuen alderdien arteko akordioa proposatu dutenek indarkeriatik aldendu behar dutela. Uste osoa dut ezker abertzaleko kide horiek gustura asko aldenduko liratekeela gainean duten etengabeko indarkeriatik. Alegia -eta gehiegi ez luzatzearren aspaldi honetako erasoak baino ez ditut aipatuko-: 18/98 sumarioa; De Juana auzia eta oro har presoen aurkako eraso etengabea; Jarrai-Haika-Segi auzia; hamabi gazte nafarrentzako 401 urteko zigor eskaera tartean, atzo hasi zen epaiketa; herri honetan perretxikoak baino ugariago diren polizien gehiegikeriak... Baina ez dago haien esku biolentzia horretatik aldentzea, eta bai Aresen alderdiarenetan. Zer egin behar du ezker abertzaleak, beraz? Horiek guztiak onartu? Edo horiek guztiak saihestearren bere proiektu politikoa bertan behera utzi? Hori ote da behin eta berriz eskatzen dioten mugimendua?

Orain aspaldian PSOEko teoriko bati telebistan entzun nion, euskal gizartea zatitua dagoela eta horrelakoak esan ondoren, bi auzok, biek nahi ez badute, ez dutela zertan elkarrekin bizi izan. Izan ere, auzoak elkartu egiten dira, eta nahi dutenean aldendu, baina nork bere independentziatik erabakitzen du elkarrekin nahi duen ala ez, eta bietako batek nahi ez badu, ez dago akordiorik, bestea hogei zentimetro luzeago izan arren.

Baina ezker abertzalea ez da mugitzen, diote, beren hitzek ezpainetako keinua ere ez aldatzeko kontu handiarekin.

 

Xabier Izaga | Irakaslea

 

 

 

 

 

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo