GARA > Idatzia > Kultura

«Maldetan sagarrak", euskal gatazka euskal literaturan

«Euskal gatazka euskal literaturan" gaiaren inguruan gogoeta egiteko hainbat idazle bildu zituen Biarritzen Udako Euskal Unibertsitateko Literatura Sailak. Jardunaldi haietako hitzaldiak «Maldetan sagarrak" liburuan bildu dituzte orain Ibon Egañak eta Edu Zelaietak.

Martin ANSO | DONOSTIA

Joseph Brodskyri jarraituz, Harkaitz Canok dio jendeak berehalako erantzunak lortu nahi izaten dituela, hots, sagarrondo baten azpira joan eta bertan sagarrak bildu nahi izaten dituela. Baina batzuetan sagarrak ez daude sagarrondoaren azpian, are gutxiago sagarrondo gehienak, gurean bezala, maldan daudenetan. Orduan, sagarrak, sagarrondo azpian baino gehiago, maldetan bildu behar izaten dira. Metafora horretaz baliatu dira UEUko Literatura Saileko Ibon Egaña eta Edu Zelaieta euskal gatazka eta euskal literaturaren arteko harremana aztertzen duen liburuari izenburua emateko. Izan ere, ez berehalako eta erabateko erantzuna, baizik eta zalantza da, neurri handi batean, liburua osatzen duten testuen ezaugarri komunetako bat. «Zinez testu ausartak dira -ohartarazi zuen Ibon Egañak-, baina oso eremu labainkorrean mugitzen ari garela kontuan izanik, idazleek zalantzari tarte handia utzi diote».

Guztira, hamar dira, testu banarekin, liburuan parte hartu duten idazleak.

Gaia, «euskal gatazka», deituratik beretik da «labainkorra», esan zuen Egañak, eta horregatik UEUko Literatura Sailekoak askotariko idazle taldea biltzen saiatu ziren. Askotarikoa ideologia aldetik, eta baita belaunaldi, estilo edota genero aldetik ere.

Espero zitekeen bezala, idazleek gaiari buruz duten iritzia zeharo «heterogeneoa» dela nabarmendu zuen Zelaietak, eta, alde horretatik, «atera daitekeen ondorio nagusi bakarra ondorio nagusirik ez dagoela da». Hala ere, gehitu zuen, garbi geratu da «euskal literatura garaikidea ezin dela ezagutza minimo batez aztertu gatazkak bertan izan duen eragina kontuan hartu gabe. Liburu honetan -jarraitu zuen- ez daude erantzun guztiak; beharbada galdera guztiak ere ez daude, baina bai galdera mordoska interesgarri bat, baita zenbait erantzun ere».

Liburu eta mugarria

Zelaietaren ustez, gaiari dagokionez, liburua mugarri bat da. «Trantsizio fase batean omen gauden honetan, euskarazko literaturako azken hamarkaden inguruko lehen irakurketa izan liteke, etapa baten interpretazio bat». Interpretazio korala eta, ondorioz, heterogeneoa. Baina hori, akatsa beharrean, liburuaren bertuteetako bat izan liteke.

Liburuari izenburua ematen dion metaforaren haritik, «Luma eta kizkia» testua idatzi du Ibon Egañak, sarrera gisa. Bertan, hitzaldietan ukitzen diren gai nagusiak laburbiltzen saiatu da. Gai horiek honakoak dira: nia-idazle gehienen testuak norberaren esperientzia autobiografikotik abiatzen direlako-, semantika -gatazka egoeretan semantika ere trintxera delako («euskal gatazka» kontzeptua bera eztabaidagarria da)-, distantzia -gatazkaz idazteko distantzia hartu behar ote den edo zenbateko distantzia hartu behar den-, engaiamendua -idazleak eta konpromisoa, zerekiko konpromisoa?-, ideologia -idazle bakoitzak, berea-, tabua -euskal gatazkaz idazteko orduan, ba al dago taburik?-, etika eta morala, pertsona(ia)k (estereotipoak, arketipoak), unibertsaltasuna -nolabait esateko, ea gatazkari buruzko ikuspuntuak beste gatazketara ere «esportagarriak» diren- eta, azkenik, arestian aipatu bezala, zalantza.

«Maldetan sagarrak» hiru ataletan banatua dago. Lehenengoan, «Idazleak beren lanetan» izenburukoan, gaiari esperientzia autobiografikotik heldu dioten idazleen testuak biltzen dira, zehatz-mehatz, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Hasier Etxeberria, Mikel Hernandez Abaitua eta Jokin Muñoz. Bigarrenean, «Zenbait azterketa» izenekoan, Jon Benito, Aritz Gorrotxategi eta Markos Zapiainen testu kritikoak ageri dira. Hirugarrenean, azkenik, testu bakarra dago, Aitzpea Azkorbebeitiaren «Euskal gatazka Joseba Sarrionandiaren testuen argitan».

HAMAR IDAZLE
Aitzpea Azkorbebeitia, Jon Benito, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Hasier Etxeberria, Aritz Gorrotxategi, Mikel Hernandez Abaitua, Jokin Muñoz eta Markos Zapiain dira liburuan parte hartu duten idazleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo