Arrautzak kraskatu behar
Arrautzak kraskatu gabe tortillarik ezin dela egin ikasten ari dela gure Banbi aldar- tetsua ere ematen du. Ikaspen hori euskaldunoi zuzenkien dagozkigun gorabeheren kudeaketaraino iritsiko ote den ikusi beharko da orain.
Urrutiagoko kontuetan, aspaldiko partez, baikortasun pittin baterako motiborik eman didala aitor dezaket edonola ere. Egia esan, izu nintzen NATOk joan den astean Sevillan egin behar zuen bileraren aurretik. Zapateroren jitea, Estatu Batuen premiak, erakundeko idazkariaren eskaera gero eta zalapartatsuagoak eta Espainia NATOn sartu zeneko 25. urteurrena elkartuz, oso emaitza txarra ematen zidan batuketak: espainiar armadaren inplikazio handiagoa Afganistanen, okupazio betekizunetan are gehiago murgilduz. Baina bilkura egin eta ez da halakorik gertatu, eta hortik nire baikortasun izpia.
Esan gabe doa hainbat arrautza kraskatu beharko zirela, NATOren barnean ez ezik Zapateroren gobernuaren inguruma- rietan, hori horrela suerta zedin. Rigan eginiko goi-bileraren biharamunetik, Estatu Batuek, zuzenean nahiz Erresuma Batuaren edota Hoop Scheffer idazkariaren bitartez, era guztietako presioak egin dizkiete jada Afganistango liztor-zuloan murgilduegi daudela zeritzoten herrialde europarrei, Alemania buru. Gerraren bilakaera militarra gero eta negatiboagoa da okupatzaileentzat, eta udaberritik aurrerako aurreikuspena da talibanek hego-ekialdeko eskualde handiak berreskuratuko dituztela, Karzairen gobernu titerea deuseztaturik geratzen ari den bitartean.
Irakeko eszenategi nagusiagoan oraindik gehiago inplikatzeko Afganistandik bere tropak jaregin nahian dabilen Bushentzat behar-beharrezkoa zen NATOko pioiek han ardura gehiago hartzea beren gain. Morroi-lan tipikoa bihurtzen ari baita, hasi eta bost urtera, Afganistango okupazio gerra: irabazpiderik batere ez, eta neke gero eta astunagoak. Bereziki, Espainiakoa bezalako armada batentzat: hornimendu baseak milaka kilometrora, jende eta arma apropos gutxi, gizartearen onespen izpirik ere ez... Izan ere, Iraketik alde egin izana «zuritzea» beste arrazoirik aurki ote liteke, serioski, Herat eta Qal-e-Naw-eko abentura pintoresko horri eusteko?
Zapaterok, jakina, ez du Afganistanetik ere erretiratzeko asmorik erakutsi. Baina gehiago sar zedin presioei amore eman ez izana bada zerbait. Norabide onean. Alegia, irteteko bidean.
Mikel Aramendi
Kazetaria