Erromantikoak omen... eta errealismoan sartu behar
UMPk erakutsi digu Eusko Jaurlaritzaren dirua baliatuz, Ipar Euskal Herrian haien kudeaketa gabe ez garela deus, menpekotasunean bizi baizik ez zaigu geratzen
Bakearen arteaz mintzaldia izan genuen Abertzaleen Batasunaren eskutik. Hemen gaindi gutitan izan dugun Rocard sozialistak ametsak alde batera utzi behar ditugula eta perfektua ez den munduaren bideetatik bilatu behar dugula bakea erran digu.
Abertzaleen Batasunaren iniziatibak erantzun jendetsua izan du. Donibanera etorritako adituak herrien geroaz erabakitzen duten horietakoak dira. «Erromantismoa» baztertu behar dugula, errealismoan sartu behar garela, hau omen da bakearen prezioa.
Interesgarria izaten ohi da kanpoko begi batek etxeko arazoak begiratzea. Baina, kasu honetan, errepikapena baizik ez da izan; konponketarako landutako ildo berdintsuak aipatu dituzte, orain arte egina izan dena nahiko ongi bideratua izan dela erakutsiz. Ez da ideia berririk aipatu, baina publikoaren arreta oso zorrotza izan da.
Gehienetan, Hego Euskal Herriko arazoa zen mintzagai, ez baita erraza publikoki onartzea Parisek egiten duen bazterketa, beti leku berera heldu gara eta hemen frantses Estatuaren ukazio izoztua biltzen dugu. Rocardek ere ez dio garrantzirik ematen Ipar Euskal Herriak bizi duen nortasuna urtzeari, baina departamenduak ez duela ezertarako balio azaldu du. Beraz, debatetik atera eta lan berdintsuarekin segitzen dugu gure betiko errealitate omen «erromantikoarekin».
Gazi-gozoa izan baita aste hau. Lehenik eta behin, ELBren garaipena dugu, baina hor badakigu eremua oso ongi zaindua dela, ildoa, aspalditik markatua, jarraipena kudeatzen dakiena egun ilunagoetan irauteko gisan.
Eusko Jaurlaritza ikusi dugu euskararen alde Brissonen eskuetan dirua uzten. Miren Azkarate pozten zen kolore guztietako jendea elkartu baitzen izenpetze horren inguruan. Poztekoa noski, UMPk erakutsiko baitigu, Eusko Jaurlaritzaren dirua baliatuz, Ipar Euskal Herrian haien kudeaketa gabe ez garela deus, menpekotasunean bizitzea baizik ez zaigula geratzen. Zergatik ez dute onartzen diru hori zuzenean pasatzea euskal erakundeetara ez bada euskararen alde lanean ari diren elkarteak menpekotasunean edukitzeko? Orain arte UMPren aldetik ez baita eus- kararen defentsan indar handirik egin.
Filip Bidarten baldintzapeko askatasuna onartu eta berehala deia heldu da, mehatxua. Estatuek ez dute jarreraz aldatzen, gobernuek ez dute inongo aterabide baketsurik ahalbidetzen. Felipe kanpoan ikusteko aukera izanen dugu, nahiz eta baldintzapeko askatasuna izan. Gure lana izanen da auzitegiaren deiari mobilizazioekin erantzutea.
Iñakiri aukera hau ez zaio onartu ere boterearen jarrera izoztuak ez du bakea laguntzen. Gure arazoa ez da «erromantizismoa»!
Ixabel Etxeberria
Irakaslea