GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Udalerrietan badakigu politika aktiboa egiten

Ezin da ukatu euskal udaletatik bideratzen dugun hizkuntza politika eraginkorra dela, nahiz eta Kontseiluak udalen hizkuntza politikaren neurketaren ondoren egindako baieztapenek kontrako iritzia agertzen duten

Miren Dobaran Urrutia

Alkatea eta EUDELeko Batzorde Eragilean Euskara arduraduna

Tokiko administrazioaren zeregina eta erantzukizuna hizkuntza normalizazioan zein diren gogoratu beharrik ez daukagu. Euskal udalek badugu heldutasun eta esperientzia nahikoa euskararen normalizazio bidean, jakiteko zein den egin eta jarraitu beharreko hizkuntza politika.

Azken urteetan herri aginteek bultzatu duten hizkuntza politika da gizarte ekimenaren ekarriaz batera gure euskal udalerrietan euskararen normali- zazioak izan duen aurrerakada eta bilakaera nabarmenaren seinale. Euskaldun kopuruak gora egin du, gaitasunaren mailan aurrera egin dugu, ez horrenbeste erabileran; maila funtzionalean ere euskararen presentzia areagotzen ari da lehen erabiltzen ez zen hainbat esparrutan. Hainbat eta hainbat plan eta programa martxan ari dira administrazioaz gain, gizarte eragile guztien egitekoa den euskara normalizazioan lanean, besteak beste, administrazioak bultzatu eta EAEko biztanleen %78ren bizileku diren udalerrietan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusien markoan.

Horiek horrela, ezin da ukatu Eusko Jaurlaritzak euskara berreskuratzeko bidean jorratzen duen hizkuntza politikaren ildo, oinarri eta jarraibideekin bat etorriz, euskal udaletatik bideratzen dugun hizkuntza politika eraginkorra dela, nahiz eta Kontseiluak udalen hizkuntza politikaren neurketaren ondorioz egindako baieztapenek kontrako iritzia agertzen duten.

Euskal udalak dugun errealitateaz jabetzen gara, eta autokritikoak ere bagara. Baditugu argi-ilunak eta zeri ekin eta zertan hobetu, baina Euskal udalerrietan egiten dugun hizkuntza politika egokitzat ez jotzea edo hizkuntza politika berria behar dela esatea, herri hau hizkuntza normalkuntzan ematen ari den urrats nabarmen eta garrantzitsuei, gizarte eragileen ahaleginari, euskararen esku jartzen diren baliabide materialei eta euskararen normalizazioan buru belarri ari diren hizkuntza normalizatzaileei begirunerik ez erakustea da.

Zalantzarik gabe egindako bidea handia da, egitear duguna handiagoa. Oinarrizko tresnak martxan ditugu, hartutako bideari jarraitu, emandako urratsei eutsi, helburuak, jomugak ondo bereiztu eta estrategikoak diren esparruak lehenetsi, eta horietara jotzeko lan-proiektuak nahiz baliabideak jartzea eta bideratzea da datozen urteetan jarraitu beharreko bidea.

Baina horretarako zentzuzko azterketak eta irakurketak egitea ezinbestekoa da, eremu administratibo bakoitzak ematen dituen aukeren eta zailtasunen marko legala eta orokorra ondo bereiztu behar dira. Marko horietan aurrerapausoak emateko ahalegin tinkoa egin behar da administrazioetatik, eta muga horiek gainditzeko ekimenak bultzatzea nahitaezkoa da, baina bakoitzari berea eta daukan egoera juridikoaren araberako emaitza aitortu behar zaio.

Horrezaz gainera, udalerri bakoitzaren ezaugarri soziolinguistikoak eta sozialak kontuan hartu behar ditugu, errealitate ba- koitzaren araberako plangintza estrategikoak definitu beharko ditugu, errealitate horiek guztiak abiapuntutzat hartu, neurriak bultzatu, horien eraginkortasuna neurtu eta bakoitzari bere mailako bilakaeraren azterketa eta balorazioa egin.

Martxan ditugun Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, udaletako Euskararen Erabilera Planak, arlo sozio-ekonomikoa bul- tzatzeko ekimenak, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak, gure kale eta abarretako hizkuntza paisajean euskal toponimoak berreskuratzeko hitzarmenak, eta abar. Tresna horiez guztiez baliatu behar gara euskaraz bizi nahi duten herritarren aukerak zabaltzeko, eta gizarte esparru guztietan euskararen berreskurapen osoa lortzeko.

Erronka horretan, udalak eskaintzen duten zerbitzuaren berezitasunagatik eta herritarrekiko duten hurbiltasunagatik eus- kararen normalizazioan eragile garrantzitsu dira. Lehentasunezko arloa izan behar du euskarak udalen plangintza estrategikoetan eta erantzukizun osoz erantzun behar die esku artean dugun euskararen normalizazioaren erronka honi.

Horren adierazgarri da EUDELek sortu berri duen Udale, Udal arteko Euskara Sarea, hizkuntza politika koherenteak, bateratuak eta koordinatuak bultzatzeko udalen esku jarriko dugun tresna. Udale euskal udalen bilgune izango da eta administrazioen arteko zubilana egingo du. Orain arte egindako lana sendotu, bermatu eta jarraipena emateaz gainera, udaletan abian diren Euskara Biziberritzeko Plan Na- gusiek hainbat esparrutan euskarari eman dioten bultzada indartzeko asmoa du.

Toki administraziotik beste administrazio eta erakundeetatik bezala, ekintza plan eraginkorrak bultzatu behar ditugu, eta horiekin batera, giro sozialean eta euskararen gizarte erabileran eragin behar dugu, ilusioa piztu behar dugu, sentsibilizazio eta motibazio kolektiboa bultzatu behar ditugu, hizkuntza eskubideak behar ditugu, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateko aurrerapausoak eman behar ditugu, estatusa eman behar diogu, jausi kuantitaboak ez ezik kualitatiboak eman behar ditugu...

Horiek horrela, eta dagokigun zeregina handia izanik, euskarak eta euskararen normalizazioak denok batzen gaituen erronka izan behar du. Horregatik EUDELeko kide garen udalek hasitako bideari jarraipen sutsua emango diogu, hizkuntza politika egokiak eta aktiboak bideratzen jarraitzeko. Horren zalantzarik ez dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo