TXIRRINDULARITZA Mallorca Txapelketa
Euskaldunek elastikoak lehenbizi jantzi dituzte
Osasun arazoak gaindituta, Freire bizkorrena izan zen helmugan; Fernandez de Larrea, laugarren
Unai IRARAGORRI | BILBO
Tropeleko txirrindulari gehienek atzo hasi zuten denboraldia Mallorcan. Hain zuzen, 30 euskaldunek parte hartu zuten aurreneko saioan, 11 taldetan banatuta. Helmugan, Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi) izan zen onena, laugarrena. Garaipena, berriz, Oscar Freirek (Rabobank) eskuratu zuen erritmo biziko etapan.
Izarrez beteriko taldea hasi zen atzo denboraldiko lehenengo kilometroak egiten; hala nola, Freire bera, Valverde, Zabel eta Boonen. Egia esan, txirrindulari batzuk Autralian, Qatarren eta Malaysian lehiatu dira, baina gehienek Mallorca aukeratu dute denboraldiari ekiteko.
Hortaz, hainbat euskaldun lehendabiziko aldiz aritu ziren. Taldez aldatu dutenek dute interes handien elastiko berriak ezagutzeko. Esate baterako, Intxausti eta Murgoitio hasibe- rriak eta Amuriza Nicolas Mateosek taldeko koloreak estreinatu zituzten; Gaztañaga Agritubelen aritu zen aurreneko aldiz, Alberto Martinez lagun duela; eta Artetxek lepoan eraman zuen Fuerteventura-Canarias babeslearen irudia. Hiru horien argazkiak lortu zituen GARAk, eta hurrengo egunetan besteen elastikoak aurkeztuko ditugu.
Lasterketari so, 100 kilometro besterik ez zuten bete 21 taldeetako 201 parte-hartzaileek eta garaipena esprintean erabaki zen. Horrillok lan itzela egin zuen azken kilometroetan, eta Freire azkarrena izan zen. Sekulako dohainak dituen arren, kantabriarraren garaipena ustekabea izan zen. Hainbat arazo izan ditu Tourraz geroztik, eta lehen lasterketa zuen sendotu zenetik. Izan ere, garondoko minak izan ditu, eta horrek zorabioak eragiten zizkion. Ezinean ibili zen, eta hamaika sendagilerengana jo zuen, baina atseden hartu besterik ezin zuen egin. Munduko Txapelketari eta denboraldiari agur esan zien iaz.
Azken hilabeteetan, emeki hobetze aldera egin arren, ezbakiak zituen, baina atzo baztertu zituen erabat, zazpigarren aldiz irabazi baitzuen Mallorcan, Rojas eta Mikhailov gaindituta.
Bestetik, antolakuntzak Isaac Galvez omendu zuen irteeran -azaroaren 25ean zendu zen pistako lehiaketan- eta Caisse d'Epargne taldea hasieratik saiatu zen irabazten.
Saioa hasi baino lehen, Astana taldeko Colom erori egin zen, eta eskumuturrean min hartu zuen; baliteke eskafoideak puskatuta izatea.