Futbola Emakumezkoen Superliga
Athleticek Realari koska bat kentzen diola erakutsi du
Gipuzkoarrek sei goletatik bi bere atean egin zituzten, baina, hala ere, zuri-gorriek hastapenetik amaierara menderatu zuten talde zuri-urdina, eta aitzakiarik gabeko garaipena izan zen
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Athleticek argi eta garbi utzi zuen, atzo, Zubietan, Reala baino koska bat gorago dagoela. Sailkapeneko lehendabiziko postuan egotea ez dela kasualitatea ikusi zen, Donostian jokatu duen talderik onena izan baitzen.
Juaristik zuzentzen duen taldeak oso erraz eraman zituen puntuak. Egia da une garrantzitsu batzuetan ere zortea lagun izan zuela, baina garaipenak ez du inolako aitzakiarik. Realak, aldiz, ahaleginak egin zituen, baina Andereren atera oso gutxitan hurbildu ziren, eta burua makurtu behar izan zuten aurrean zuten taldearen nagusitasuna ikusita.
Hastapenetik ikusi zen bizkaitarrak partidaren bila zetozela. Zelai erdian agindu zuten, eta gehienetan gipuzkoarren ate inguruan ibili ziren. Uriagerekak izan zuen lehen aukera, baina areaz kanpotik egin zuen jaurtiketa bortitzak langa jo zuen. Ordutik ere, kanpotarrek nagusi izaten jarraitzen zuten, nahiz eta Leire Aizpuru atezainari lan handirik ez zioten ematen.
Dominguezen neskak, berriz, kontraerasoak topatzen ahalegintzen ziren, baina gutxitan gainditu zuten aurkarien atzealdea.
Lehenengoa, penaltiz
Partida oren erdira heltzen ari zen, eta Martak, berriro ere areaz kapotik, gola sartzeko ahalegina egin zuen, baina ez zuen asmatu, jaurtiketa kanpora joan baitzen. Hurrengo jokaldian, ordea, bizkaitarren lehen gola heldu zen. Tzibik ez baitzuen hutsik egin, epaileak Athleticen alde agindu zuen penalti garbia jaurtitzerakoan.
Atsedenerako hamar minutu falta zirenean heldu zen lehen zatian Relak egin zuen aurreneko jaurtiketa, baina Lucasen ostikada kanpora joan zen. Atsedenera joan aurreko azkeneko bost minutuek erabaki zuten neurketa. Erikak Athleticen bigarren gola egin zuen, eta jokaldi eder bati amaiera eman zion. Jarraian, Del Amak bere atean bizkaitarren hirugarren gola egin zuen; 0-3koa jarri zuen markagailuan. Horrekin kolpe latza jaso zuen Realak, merezi izan zuen baino handiagoa.
Bigarren zatian gauzak ez ziren batere aldatu. Lehen minutuetan, Vanessak eta Guruk gertu izan zuten laugarren gola, baina ez zuten asmatu.
Athleticen aginteak bere horretan jarraitzen zuen, eta zuri-urdinek kanpotarren ate ingurura gerturatu ezinik jarraitzen zuten. Garbi zegoen golak helduko zirela, eta heldu ziren. Ezkerretik egindako erdiraketa bat urruntzen hasi, eta bere atean sartu zuen baloia Lizasok.
Bi minutu geroago, Muruak jokaldi eder bati amaiera ezin hobea eman zion, eta bosgarren gola sartu zuen. Bigarren zati erdia geratzen zen, eta etxekoen zaleen kezka handia zen, alde handia baitzegoen zelaian. Bigarren zatiko oren erdia bete zenean, Muruak berriro ere area barruan baloia hartu, bi jokalariri ihes egin, eta seigarren gola egin zuen. Hortik aitzinera, zuri-gorriek jokoa lasaitu zuten. Nahikoa zela pentsatu zuten, eta partida noiz amaituko zain geratu ziren.
Zuri-urdinek, aldiz, golen bat sartu nahi zuten, eta ahaleginak saria izan zuen. Izan ere, partida amaitzeko hiru minutu geratzen zirenean, ezkerretik ateratako falta bat buruz errematatu zuen Lizasok, eta Andereri aurrea hartuta, etxekoen gol bakarra egin baitzuen. Hortik aurrera ez zen ezer gehiago izan, ordurako erabaki beharreko guztia erabakita baitzegoen.