Iruñeko Udaletxeari, lau kutxazaini eta Getxoko batzokiari eraso diete
Kale erasoak izan ziren igande goizaldean Iruñean eta Getxon. Lehenengoan, udaletxeari eta lau kutxazain automatikori eraso zieten aurpegia estalirik zeramaten hogeita hamar bat pertsonak; Bizkaiko kostaldeko herrian, berriz, batzokia kaltetu zuten. Kasu guztietan ere, kalteak «arinak" izan dira, eta ez dute horien eguneroko jardunean eragin. Polizia espainolak horren gaineko ikerketa «lehentasuntzat" hartuko duela jakinarazi du.
GARA | IRUÑEA
Hainbat kale eraso izan ziren Iruñean eta Getxon larunbatetik iganderako gauean, baina Gobernu espainolaren ordezkaritzetako informazio iturriek esandakoaren arabera, «kalte arinak» baino ez zituzten eragin. Guztietan kaltetuena Nafarroako hiriburuko kutxazain bat izan zen; izan ere, identifikatu gabeko pertsona batzuek estolderiako tapa batekin kristal bat apurtu zuten.
Erasorik gehienak Iruñean izan ziren, eta Gobernu espainoleko iturriek esan zutenez, hogeita hamarretik gora lagunek egin zituzten bertako Udaletxearen eta lau kutxazainen aurka gauerdi inguruan.
00.30ean izan ziren erasoak, eta aipatutako iturrien arabera, hogeita hamar pertsona inguruko talde bat sartu zen ordu horretan Udaletxe Plazara aurpegia estalirik zutela. Eraikinaren aurka bederatzi molotov koktel eta harri ugari jaurti zituztela adierazi dute, eta jarraian, Jarauta kalean barrena ihes egin zutela. Kalteak oso arinak izan zirela jakinarazi zuten iturriek, baina Polizia espainolak hamabi pertsona identifikatu zituen Udaletxe Plazaren inguruetan. Hala ere, adierazi zuten gertakariekin ezin izan zutela horietako inor «zuzenki» erlazionatu.
Ordu berean izan ziren Nafarroako hiriburuko gainerako erasoak: Caja Ruraleko bi kutxazainen eta Caja Navarra eta Banestoko banaren aurkakoak. Bina koktel lehertu ziren Merkaderes kaleko eta Kale Nagusiko Caja Ruraleko kutxazainen kontra, eta beste hainbeste Kale Berrian dagoen Caja Navarrako kutxazainaren eta Merkadereseko Banestokoaren aurka.
Kalte «arinak»
Gobernu espainoleko iturriek adierazitakoaren arabera, kalteak «arinak» izan ziren: udaletxeko aurrealdea pixka bat belztu zuten eta kutxazainetan likido sukoien zantzuak geratu zi- ren. Kalterik handien Caja Ruraleko Merkaderes kaleko kutxazainean eragin zuten, kristala estolderiako tapa batekin apurtu baitzuten. Hala ere, denak erabilgarri zeuden atzo.
Bestalde, Getxoko batzokiari ere eraso zioten atzo goizaldean, nahiz eta hor ere, kalteak hain arinak izan ziren, ezen ez baitzen inor erasoaz ohartu irekiera ordura arte.
Kale eraso horien karietara, UPN «demokrazia, bere erakundeak eta Zuzenbide Estatua errespetatu gabe» jarraitzen dutenen aurka oldartu zen, eta bere alderdiak ez diela «bortitzen xantaiari amore emango» jakinarazi zuen. «Batzuek horrela ikusi nahi duten arren, ez dago inolako aldaketarik ETAren inguruan; ez dago bortizkeriaren salaketarik; bai, ordea, nafar gehienek gaitzetsi dituzten plan eta metodo berak», esan zuen.
Ertzain bati autoa erre diote
Bestalde, identifikatu gabeko pertsona batzuek Azkoitiko polizia etxearen inguruan aparkatuta zegoen auto bati su eman zioten atzo, likido sukoi batekin busti ondoren. Ibilgailua Ertzaintzako agente baten auto partikularra zen.
110 lagunek parte hartu zuten atzo, Tafallan, 8/97 sumarioaren epaiketa salatzeko egin zuten giza katean. David Abarzuza herritarrari eta gainerako auzipetuei elkartasuna ematea zen ekimen honen helburu.