Arrasateko Mesedeetako A.M. Ikastetxeko gatazka
Arantza Marañon eta Iñigo Louvelli | Arrasateko Mesedeetako Andra Maria ikastetxeko G.E. eta langileak
Arrasateko Mesedeetako Andra Maria ikastetxean 2006ko irailaz geroztik jazotako gertaeren harira, bertako langileek eta Guraso Elkarteak zera salatu nahi dugu:
Hasieratik Kongregazioak izan duen transparentzia eza. Inongo momentuan ez digute datu ekonomiko sinesgarririk aurkeztu, ez gaituzte informatu Arizmendi ikastola eta Kristau Eskolaren arteko 2006ko otsaileko lehen kontaktuez... Familiak eta langileak iruzur, manipulazio eta engainu baten biktima sentitzen gara.
Eman zizkiguten lehen bi aukerak antzerki edo tramite huts izan direla hirugarrenera, itxierarenera iristeko, bai familiak, bai langileria, bai herria bera engainatuz.
Zer da, bada, otsaileko bileran gurasoei beste ikastetxeetan matrikulatzeko «gonbitea» egin eta alde egite masiboa eragitea? Honela, ikasle faltagatik «krisian dagoen ikastetxearen» espedientea aurkeztu Hezkuntza Sailean.
Mertzedarien Kongregazioak, familiei eta langileei irtenbide duin bat emateko aukera esku artean eduki arren, eta hainbat belaunalditan transmititu dituen baloreak baztertuz, interes ekonomiko hutsak lehenetsi ditu, 240tik gora ikasle eta 31 langile kale gorrian utziz, eta erreferentzia izan den ikastetxerik gabe.
Hori dela eta, Guraso Elkarteak eta langileek honako deialdia egiten diegu Mesedeetako Andra Maria ikastetxeko familiei:
Gurasoek seme-alabak ikastetxean mantentzeko, modu horretan baizik ez baitugu lortuko elkarrizketei berrekiteko presiona- tzea. Eta hemendik aurrera antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzeko. Otsailaren 13an, arratsaldeko 6tan, ikastetxean G.E.ak deitzen duen bilerara deitzen ditugu familia guztiak.